Lekeitioko Kitto merkatari elkartea Gabonetan sartu da bete-betean

Gaur [abenduak 16] argien piztuera egingo dute udalaren laguntzagaz batera.

Gabonak kontsumitzeko garairik oparoenetako bat da, aurten are gehiago erabateko normaltasunagaz ospatuko direla. Horretaz jakitun da Kitto Lekeitioko merkatari elkartea eta hainbat ekimen eramango ditu aurrera. Gaur [abenduak 16], esate baterako, hasiera ofiziala emango diete Gabonei argien piztueragaz. 19:00etan udaletxe aurrean opariak banatuko dituzte eta 19:30ean piztuko dituzte argiak lehen aldiz udalaren laguntzagaz batera.

Horrez gain, beste urte batzuetan bezala, bonu kanpaina martxan jarri dute Gabonetan “Herrian erosi, danak irabazi” leloaren bidez. Helburua mantentzen dute, hau da, herritarrek garai hauetako erosketak herrian egitera bultzatzea. Horretarako, Lekeitioko Kitto merkatari elkarteko saltokietan 30 euro gastatzen dituztenek 20 ordainduko dituzte.