Giro ezin hobean hasi dituzte Santo Tomas ospakizunak Mutrikun, Ondarroan eta Ziortza-Bolibarren
Giza proba egin dute lehenengoz Mutrikun, eta aspaldiko partez, bazkaritan batu dira santomasen bueltan Ziortza-Bolibarren, herriko jai nagusietako ospakizunetan. Ondarroan, ohiturari eutsiz, Alde Zaharrean taloa dastatzeko. aukera eduki dute herritarrek.
Eguzkitsu esnatu zen atzo [abenduak 17] eguna. Eguzkitsu eta ospakizunerako gogoz. Mutrikun, eskaintza oparoa egon zen goizean goizetik hasita. Ibiri, Ekoalboraz, Goienetxe, Ondare, Zortziko, Goxart, Uxua Antia, Mañeko, Mikel Jauregialtzo eta Muniozguren anaien postuek eta Ibiri, Saka eta Idurre Lersundiren animaliek hartu zituzten, besteak beste, Goiko Plaza eta inguruak. Txikienek gozatu ederra hartu zuten txerri, zaldi, betizu eta beste hainbat animalia gertutik ikusten.Â
Azokan jendea ibili bazen ere, goiz partean pandemia aurretik baino gutxiago ibili zela azaldu dute baserritar eta artisauek. Hala zioen Uxua Antia Zumaiako Kanterakoak. Bere ondoan zegoen Olazko Aritza baserriko Isabel Elorza, urte luzez azokaz azokaz iblitakoa eta santomas azokan bi sari irabazitakoa. Elorzak azaldu zuen orohar Mutriku plaza ona dela saltzeko. Mutrikuko Eskulan Taldekoen postuan oihalez eta lanaz egindako lanak zituzten saltzen. Erosleen artean zozkatzeko kuxin bat ikusi zitekeen postuaren aurrekaldean. “Bosgarren aldiz gaude hemen, orain arte ez dabil jende askorik, baina ea eguerdian gehiago animatzen diren”, zioten. Mutriku BHIko ikasleek ere postua jarri zuten, eta pozik zeuden goizean goizetik saldutakoarekin.
Estreinako Mutrikun, giza proba egin dute Aratz Mugertzak eta Cañamaresek, pentatloirako propio egindako mugertzatarren 400 kiloko harriarekin
Eguerdian, 12:15ean hasi zen Beheko Plazan herri kirol erakustaldia, herritarrei zerbait berezia eskaini asmoz. Ugaitz eta Aratz Mugertzak eta Julen Gabirondo eta Julen Cañamaresek pentatloia egin zuten, animo eta txalo artean. 90 kiloko bola hamar aldiz jaso eta bakoitzak enbor erdika moztu, sei enbor moztu txanda librean, txingekin lau buelta eman eta korrikan plazari hogei buelta eman zizkieten erreleboka. Ondoren, estreinako herrian, giza proba egin zuten Aratz Mugertzak eta Cañamaresek. Pentatloirako propio egindako mugertzatarren 400 kiloko harriarekin, bi plaza osatu zituzten Aratz Mugertzak eta Cañamaresek. Mutrikuarrak 3 minutu eta 33 segundo behar izan zituen joan-etorria burutzeko, Cañamaresek 3.44, hamaika segundo gehiago, hortaz.
Lagunekin hitzordua. Gabon aurreko zapatua egun handia izaten da Ondarroan, lagunak batzeko eguna, eta urtero modura, atzo ere Ondarroako Alde Zaharra eta Nasa kalea jendez lepo zeuden eguerdian. Ohitura den modura, Zubi Zahar herri ikastolak txosna jarri zuen Alde Zaharrean, eta goizean goizetik, egun horretan falta ezin diren taloak dastatzeko aukera eduki zuten bertan bildutakoek.
Herriko jai nagusiak ospatzen hasi ziren atzo, Ziortza-Bolibarren. 116 lagun batu ziren frontoian bazkaritan. Urte askoan santomasetan egin den lehen bazkaria izan zen, eta ume, gazte eta nagusi batu ziren. Umeek makarroiak eta oilaskoa eta nagusiek porru patatak eta oilaskoa bazkaldu zuten, familiarteko eta lagunarteko giro atseginean. Herriko hogei lagun ibli ziren lanean, umore ona galdu barik. Erromerian bildu ziren bazkalostean, eta errenteroen kalejiragaz osatuko zuten ospakizuna iluntze partean.Â