8.500 euro banatu dituzte Lea-Artibaiko ekintzaileen artean
Leartibai Fundazioak Leartibai Sariak banatu ditu, eta ondokoak izan dira irabazleak: Gmao ingeniaritza (Ondarroa), Denetarik (Berriatua), Opela kooperatiba elkarte txikia (Markina-Xemein), Ametslan (Berriatua) eta Nare Design (Ondarroa).
Eskualdeko ekintzaileen lana saritu, ekintzailetzaren kultura zabaldu, eredu kooperatiboa bultzatu eta balio erantsi handiko enpresa berritzaileak bultzatzeko asmoz egin da aurten Leartibai Sariak. Bada, guztira, sariketara 2021-2022 epealdian Lea-Artibain martxan jarritako hamazortzi proiektu aurkeztu dira, eta horien guztien artean ondokoak izan dira irabazleak:
- Negozio-ideia berritzaileena (2.000 euro): Gmao ingeniaritza (ekintzailea Gregore Luga, Ondarroa). Ordenagailuz lagundutako mantentzearen kudeaketa eta energia berriztagarrietaranzko bidelagunak.
- Merkataritza, ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresa onena (2.000 euro): Denetarik (Monica Babarro, Berriatua). Ogia, gozokiak, etxeko eta barruko arropa, eskolako materiala, burdindegiko produktuak… saltzen dituen saltokia.
- Kooperatiba ereduko negozio ideia onena (2.000 euro): Opela kooperatiba elkarte txikia (Xabat Arrate eta Ane Arizmendiarreta, Markina-Xemein). Okindegi, kafetegi eta gozotegia.
- Gazteen negozio ideia onena (2.000 euroko erosketa bonu bat): Ametslan (Bakene Erkiaga, Berriatua). Zaldi-zentroa, aisialdirako eta terapiarako.
- Emakume ekintzaileari aipamen berezia (500 euro + eskualdeko produktuekin osatutako otzara): Nare Design (Edurne Elizalde, Ondarroa). Diseinu industrialeko aholkularitza enpresa.
Sari ekonomikoaz gain, irabazleek bestelako abantaila batzuk ere edukiko dituztela esan dute: Lea-Artibai Berrikuntza Gunean dagoen enpresa haztegian kokatzeko lehentasuna edukiko dute, eta Leartibai Fundazioak kudeatzen dituen programa ezberdinetan parte hartzeko erraztasuna ere edukiko dute. “Horrez gain, negozio ideiaren garapenean eta azelerazioan aholkularitza jasoko dute fundazioko ekintzailetza teknikarien eskutik”.
Herritarrek epaimahaikide lanak ere egin dituzte. Izan ere, sariketaren harira Leartibai Fundazioak Instagramen antolatu duen lehiaketak herritarrei gustukoen zuten proiektua bozkatzeko aukera eman die. “700 erabiltzailek parte hartu dute eta Asier Moreno Balsera ondarrutarrak irabazi du saria”. Morenok Hamen Bertokoa otzara bat irabazi du.
Orain artekoak. Leartibai Sariak ekimena estreinako egin bada ere, aurretik hamalau Lea-Artibaiko Enprea Proiektu Lehiaketa egin direla, eta aurten abiarazitako ekimenak horren lekukoa hartu duela. “200 proiektutik gora aurkeztu izan dira, eta inoiz ez da sari bat eman gabe utzi. Guztira 42 proiektu saritu eta saritan 86.000 euro banatu dira”.