819 mutrikuarrek babes dikea ez luzatzearen alde bozkatu dute
871 herritarrek parte hartu dute asteburuan burutu den herri galdeketan. Dikea luzatzearen alde 45 boto jaso dira. Datozen egunetan balorazio bat egingo dute.
Dikea luzatzearen alde al zaude? Bai ala ez galderari erantzuteko herri galdeketa burutu da asteburuan Mutrikun. Danborzaleak mugimendua eta EH Bildu aritu dira galdeketaren antolakuntzan, eta B+I eta PSE-EEren babesa jaso du galdeketak. Gainera, kontaketa lanetan Danborzaleakeko kideez gain, herriko alderdi ezberdinen partaidetza aktiboa egon dela adierazi dute: “Bozka era anonimoan eta zintzotasun osoz emateko aukera egon den neurrian, kontaketa ere zuzentasun berarekin zaindu dela bermatzen dugu”. Emaitzak jakitera eman dituzte:
- Parte hartzea: 871 herritar
- Dikea luzatzearen aldeko botoak: 45
- Dikea ez luzatzearen aldeko botoak: 819
- Boto zuriak: 4
- Boto baliogabeak: 3
- Abstentziaoa: % 81,9
Danborzaleak mugimendua eta EH Bildu aritu dira galdeketaren antolakuntzan, eta B+I eta PSE-EEren babesa jaso du galdeketak. Gainera, kontaketa lanetan Danborzaleakeko kideez gain, herriko alderdi ezberdinen partaidetza aktiboa egon dela adierazi dute: “Bozka era anonimoan eta zintzotasun osoz emateko aukera egon den neurrian, kontaketa ere zuzentasun berarekin zaindu dela bermatzen dugu”.
Irailean jakin zuten babes-dikearen luzatze lanak berrabiaratuko zituela, eta Danborzaleek “duela ia bi hamarkada egindako aldarria berreskuratu eta orduko hartan burutzerik izan ez genuen herri galdeketa berrabiaratzeko lanari ekin genion”. Hortaz, pozik agertu dira herri galdeketa burutu izanaz: “Harro gaude ariketa demokratiko eta osasuntsu hau bideratu izanaz, neurri honetako erabaki estrategikoetan herritarrok hitza izan behar dugula uste baitugu. Pozik gaude behingoz honetarako aukera eduki dugulako”.
Eskerrak eman nahi izan dizkiote bidelagun izan direnei eta bozka ematera bertaratu diren guztiei. Horrez gain, emaitzak Eusko Jaurlaritzara helarazteko eskaria egin dute: “Emaitza Eusko Jaurlaritzara bideratzeko hartu zuen konpromisoa betetzeko eskatzen diogu udalari, herriaren ahotsa entzun eta errespetatu dadin”. Datozen egunotan emaitzen balorazio zabal bat egingo dutela zehaztu dute.