Goitia nagusi, Euskadiko Orga Txapelketan
Ousmane Drame faborito nagusiari gailendu zaio Mutriku Sokatira Taldeko aulestiarra.
Atzo lehiatu zen Gernika-Lumon Euskadiko Gizonezkoen Orga Txapelketa, eta Unai Goitia Mutriku Sokatira Taldeko aulestiarrak jantzi zuen txapela. Bost izan ziren jokoan izandako sariak, eta parte hartzaileen markak zeintzuk ziren ikusita, Goitiak bazekien ez zela erronka erraza izango aurrean, baina ezustekoa eman eta Ousmane Drame faborito nagusiari gailentzea lortu zuen.
Goitiak lau buelta, 1/4, bi metro eta 75 zentimetro egin zituen txapela janzteko. Asko hurbildu zitzaion Ousmane, lau buelta bost metro eta 53 zentimetro egin baitzituen. Hirugarren postuan, lehiatzen lehena izan zen Ibai Lopez elorriotarra izan zen, hiru buelta pasatxo eginez. Laugarren postuan bi plaza eta erdi eginda Eloy Salterain geratu zen, eta bosgarren postua Igotz Ardeona izan zen.
Goitiak 200 kilotako organ zeukan marka pertsonala gainditu, eta hau ere “oso pozik” agertu zen egindako lanarekin. Bere helburua hiru buelta egitea zela azaldu zuen, baina “erraz” gainditu zuen marka, eta gehiago egin zezakeela esan zioten arren, harro egon zen egindako lanarekin.