Nerea Ibarzabal, zazpigarren Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean
Maialen Lujanbiok hirugarren aldiz jantzi zuen txapela atzo [abenduak 18], buruz burukoan Amets Arzallus gainditu ostean.
13.300 bertsozale elkartu ziren atzo [abenduak 18] Iruñeako Nafarroa Arenan Bertsolari Txapelketa Nagusiko final handian. Final berezia izan zen, hiru emakumek parte hartzen zutelako lehen aldiz eta belaunaldi berrien sarreragatik. Finalistek zein ikusleek ez zuten hutsik egin.
2009an eta 2013an bezala Maialen Lujanbiok lortu zuen txapela. Iñaki Muruak jantzi zion txapela. Buruz burukora Amets Arzallusegaz heldu zen hernaniarra. Atarian geratu ziren gainontzekoak. Txapeldunak 2.240 puntu eskuratu zituen, txapeldunordeak 2.166, Aitor Mendiluze izan zen hirugarren 1.507 puntugaz, laugarrren Sustrai Colina 1.495 puntugaz, bosgarren Alaia martin 1.493,5, seigarren Beñat Gaztelumendi 1.443 puntugaz, zazpigarren Nerea Ibarzabal 1.435 puntugaz eta zortzigarren Joanes Illarregi 1.421 puntugaz.
Markina-Xemeindarraren lehen finala zen, eta horrek eragina izan zuen. “Blokeo emozional” bat izan zuela esan zuen Ibarzabalek: “hainbeste jenderen aurrean abesteak nuen deserosotasun hori elikatu du. Nahiko lan izan dut hori kudeatzen. Hurrengo baterako hobeto eramango dut, gai izan naizelako une batzuetan bertsoaldi onak ateratzeko”. Hala eta guztiz ere, markina-xemeindarra “oso zortedun” agertu zen finaleko argazkiaren parte izateagatik, “belaunaldi berrien jauziagatik, Maialenen txapela hain gertutik ikusteagatik, gure erreferentea, gure erregina”.
Koletiboki egun ederra izan zela aipatu zuen, baina Ibarzabalek ez zuen hain ondo pasa: “Nire amesgaiztoa izan zitekeena gertatu da, pozarekin beharrean, beldugarragaz konektatu dut hasieratik, eta altxa aldiro sentitzen nuen ez nintzela gozatzen ari, barruko hotsak hori esaten zidan, gero eta ozenago gero eta ilunago. Orduan esango nuke arratsaldera arte ez dudala gozatu, ez dudala pozagaz konektatzearekin lortu. Beraz, nire buruagaz apur bat haserre, leku ederra zegoelako, baina bukle bat elikatu dudalako”.