Eneko Sagarmendi eta Leire Esnal, Espainiako Txapelketan nagusi
Eneko Sagarmendi mutrikuarrak eta Leire Esnal zumaiarrak 25-11 irabazi diete Mikel Vegari eta Joseba Altunari. Garaipen horregaz, Sagarmendik bigarrenezm jarraian irabazi du pilota egokituko Espainiako Txapelketa.
Eneko Sagarmendi mutrikuarrak eta Leire Esnal zumaiarrak garaipena poltsikoratu zuten, joan den domekan, Iruñeko Labrit pilotalekuan jokaturiko pilota egokituko II. Espainiako Txapelketako finalean. Horrenbestez, Sagarmendi mutrikuarrak bigarren urtez jarraian poltsikoratu ahal izan du pilota egokituko Espainiako Txapelketa, iaz Xabier Villarregaz batera bere estreinako titulua eskuratu eta gero.
Sagarmendik eta Esnalek 25-11ko markagailuagaz irabazi zuten finala. Mikel Vega eta Joseba Altuna izan ziren aurrez aurre eduki zuten bikotea. “Final estua” izan zen arren, Mutrikuko pilotariak adierazi du “are gogorragoa izatea” aurreikusten zutela Esnalek etas biek: “Emaitza aldetik garaipen sendoa lortu dugun arren, markagailuak ez du ziurtasunez islatzen partiduaren gogortasuna”.
Sagarmendi “benetan pozik” agertu da Labriten jokatutako finalaz galdetuta. “Joko aldetik, Vegak eta Altunak ez zizkiguten gauzak batere erraz utzi, eta horrek geure mailarik onena erakutsi behar izatera derrigortu gintuen; dena dela, uste dut egundoko jokaldiak egin nituela”, nabarmendu du pilotari mutrikuarrak. Era berean, Esnalek eginiko finala ere nabarmendu du: “Babes lan handia egin zuen neure mesedetan eta, neurri handi batean, bere ekarpenei esker amaitu nituen hainbat tanto”.
Sentsazio aldetik, bere burua frontoian “oso gustura” sumatu zuela argitu du Sagarmendik; “horrek erosoago jokatzea ahalbidetu zidan”, azaldu du. Kantxa ere beren alde eduki zuten garaileek. Txapeldunak, izan ere, Labrit ezagutzen zuen pilotalekua dela adierazi du; ezagutu ez ezik, “asko gustatzen zaion frontoia” dela argitu du.
Babesagatik oso eskertuta.
Espainiako onenaren txapela bigarrenez eskuratu ondoren, Sagarmendi urtez urte bere alboan eta hura babesten dauden pertsonez oroitu da, eta bigarren garaipena “bihotzez” eskaini die: “Pertsona asko dira garaipen honen partaide. Egindako txapelketa dedikatu gura nieke neure ama, amona eta osabei”. Senideez gain, Sagarmendik eskertza berbak zuzendu dizkie partiduz partidu hura babestu duten adiskide guztiei: “Mutrikuko, Zarauzko eta Oreretako lagunei ere dedikatzen diet garaipena, baina, batez ere, neure taldekide Iraitz Huegueni. Ezin izan du txapelketa honetan jokatu, eta beretzat ere bada”.