Arrakastatsu eta jendetsu itzuli da Lekeitioko Santo Tomas azoka
Gaur [abenduak 21] herriko plaza eta inguruak jendez bete dira eguraldi eguzkitsua lagun. Eguneko izarretako bat zalantzarik gabe taloa izan da.
Bi urteren ostean, gaur [abenduk 21] ostera ere ospatu dute lekeitiarrek Santo Tomas azoka. Eguraldi eguzkitsua eta tenperatura leunak lagun, asko izan dira kalera irten direnak. Ez bakarrik lekeitiarrak, baita Lea-Artibai eskualdeko hainbat herriko bizilagunak ere, markina-xemeindarrak, berrituarrak edota ondarrutarrak, besteak beste. Eskualdeko Bizkaibus zerbitzuaren greba eguna ez da oztopo izan kostaldera arte hurbiltzeko.
Denetariko postuak egon dira Lekeitioko azokan, guztira 32, eta inguruko ekoizle eta artisauak pozik agertu dira salmentekin. Hau da, erabateko arrakasta izan da, denak pozik, erosleak zein saltzaileak. Eguneko izarretako bat zalantzarik gabe taloa izan da. Ilara luzea sortu da Lekeitioko Institutuko txosnaren aurrean taloa erosi eta jateko, jakirik preziatuena zen.
Animaliek ere jendetza erakarri dute, umeak batez ere, eskolako zein ikastolako ikasle gazteak hurbildu dira azokara arte eta astoak, txerriak, behiak edota idiak ukitzeko aukera izan dute. Herriko trikitilari eta pandero jotzaileek girotu dute azokaren ingurua. Horrez gain, Etxeratek elkarretaratzea egin du herriko plazan “herrian nahi ditugu” lemapean.
Eguerdian, eguraldia apur bat txarrera egin duenean hodeiak ugaritu baitira, egin dute azokako sari banaketa. Markina-Xemeingo Xemengain baserriak irabazi du ortuari eta fruta mahairik onenaren saria, eta 300 euro jaso ditu Koldo Goitia alkatearen eskutik. Irabazlea “gustura” agertu da sariagaz eta aitortu du aurten irabazi duen hirugarren edo laugarren aitortza dela.