Danborzaleek esan dute Mutrikuko herri galdeketan parte hartze "handiagoa" espero zutela
Bozka eman zuten 871 herritarrei eskerrak eman eta zenbait alderdi politikoren jarrera kritikatu dute herri mugimenduko kideek. "Ulergaitza egiten zaigu herritar talde batek abstentzioaren alde egindako kanpaina".
Mutrikuko dikea luzatzeari buruzko herri galdeketa egin zen joan den asteko barikuan eta domekan, eta horretan 871 herritarrek parte hartu zuten; abstentzioa %80,86koa izan da (4.551 herritarrek zuten botoa emateko aukera). Orain, herri galdeketa deitu zuen Danborzaleak taldeak balorazioa egin du, eta esan dutenez, galdeketan herritar gehiagok parte hartzea espero zuten: “Parte hartzea handiagoa izatea espero eta nahi genuen arren, ezin esan genezake ezetza eman duten 815 bozkak gutxi direnik”.
Horrez gain, gogorarazi dute herritar batzuek ezin izan zutela botoa eman. “Pandemia aurreko hauteskundeetan 300 bozka posta bidez jaso ziren. Hori ezin da ahaztu”. Izan ere, herri galdeketan ez da egon posta bidez bozkatzeko aukera. “Eskerrak eman nahi dizkiegu bozkatzera hurbildu ziren herritarrei. Harro gaude herri galdeketak aurrera egin duelako, nahiz eta ez egin hasieran guk nahi eta espero bezala”. Gogorarazi dute 20 urtez hitza herritarrei emateko eskatzen aritu direla, eta azkenean, “zailtasun guztien gainetik” lortu dutela. “Erabaki estrategikoen aurrean herriari hitza ematea behar-beharrezkoa dela uste dugu”.
Alderdi politikoei buruz. Dena dela, zenbait alderdi politikok erakutsitako jarrera kritikatu dute plataformako kideek. “Harrigarria iruditzen zaigu nola alderdi politiko batek parte hartu dezakeen herri galdeketaren antolakuntzan eta gero nola ez dituen herritarrak parte hartzera animatzen”. Bestetik, beste alderdi politiko batek galdeketan ez zuela parte hartuko esan arren, kritikatu dute bozketaren astean idatziz azaldu ziela emaitza edozein izanda ere, ez zuela inolako eraginik edo ondoriorik izango. “Azkenik, oraindik ulergaitzagoa zaigu herritar talde batek anonimotasunetik egin zuen abstentzioaren aldeko kanpaina”.
Herri galdeketan parte hartzeko hautu irmorik egin ez izana ez dela aurrekari ona gaineratu dute
Edonola ere, eskerrak eman nahi izan dizkiete Mutrikuko EH Bilduri, Berdeak+Independenteak alderdiari eta PSE-EEko kideei, “bozketan bertan eta kontaketan emandako ezinbesteko laguntzagatik”.
Sinadura bilketa. Gogorarazi dute baita ere sinadura bilketan parte hartu zuten herritarrez gain, herrian erroldatuta ez dauden beste 500 lagunek ere dikea ez luzatzearen alde sinatu zutela. “Behin eta berriz esan digute obra hau soilik babes dikea luzatzeko izan dela, baina irailean Portu eta Itsas Gaietako Zuzendariak honakoa esan zuen: ‘Hurrengo hilabeteetan Plan Berezia berrikusteko prozesuaren tramitazioa hasiko da (esleipena…)’. Beraz, dikeko lanak bukatu ostean, parte hartze prozesu bat ere egingo dela diote, baina hau ez da oraingo obraren aurrean hartutako erabakia, duela 15 urte obrak hasi aurretik zeukaten asmoa baizik”. Horren aurrean, gaineratu dute ez dakitela herritarrek erabaki ahalmenik edukiko duten eta eduko balute zein baldintzatan edukiko luketen. “Herri galdeketan parte hartzeko hautu irmorik egin ez izana ez da aurrekari ona”. Bada, aurrerantzean ere “adi eta esna” jarraituko dutela gaineratu dute. “Ezin dugu daukaguna galdu!”.