Herri galdeketa eginda, herri aukeretan indarrak batzera deitu du Mutrikuko EH Bilduk
Koalizioak herri galdeketaren balorazioa egin du: "Eskerrik beroenak herritar guztiei, garai bateko liskarrak albo batera utziz, galdeketa bera eta bere inguruko eztabaidak modu egokian eman direlako".
Herri galdeketa eginda (emaitzak behean), Mutrikuko EH Bilduk herritar guztien artean etorkizuneko Mutriku eraikitzera deitu du. Bide horretatik, azpimarratu dute galdeketako emaitzek etorkizunera begirako “bide argitsuagoa” eskainiko dutela. “Laster batean ireki nahi den parte hartze prozesua egokiago sakontzen lagunduko digu horrek, eta guztion artean landu beharreko herri eredua hobeto zehaztuko dugu”.
Halaber, ikuspuntu desberdinetatik hauspotutako olatua gehiago haztea nahi dutela gaineratu dute. “Horrela, inor alboan utzi gabe, Mutrikuko Udalak zein herritarrek adostutako etorkizuna Jaurlaritzaren aurrean indarrez defendatzeko kemena emango digu”.
Esan dute herri galdeketako emaitzek kolore asko dituztela eta ez dute nahi izan interpretazioetan murgildu. “Herri aukeretan indarrak batzea baino ez dugu desio, guztion artean etorkizuneko Mutriku irabaz dezagun”.
Herri galdeketaren emaitzak. 871 herritarrek parte hartu zuten joan den astean Mutrikun egindako herri galdeketan, eta horietatik 815 izan ziren dikea luzatzearen kontra bozkatu zutenak; abstentzioa %80,86koa izan zen (4.551 herritar zeuden botoa ematera deituta).