Interneten eta pantailen gatazkari buruzko hitzaldia, Zabielen
Nerabeen gurasoei zuzendutako hitzaldia eguaztenean [urtarrilak 11] izango da, 18:00etan. Izena eman beharko da aurretiaz.
Internet, pantailak, bideo-jokoak, sare sozialak…onurak eta gatazkak. Nola kudeatu? hitzaldia eskainiko dute eguaztenean [urtarrilak 11] , 18:00etan, Mutrikuko Zabiel kultur etxean. Treba gurasoak programaren baitan antolatutako hitzaldiaren gidaria Rakel Gamito izango da, eta nerabeen gurasoei zuzendutako saioa eskainiko du. Ikastaroan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa izango da hezkuntza@mutriku.eus helbidera idatzita.
Ume eta nerabeen gurasoei zuzendutako hitzaldian hainbat gai landuko dira, hala nola, jendarte hiperkonektatuaren errealitate digitala (erabilera-ohiturak: gailuak, maiztasuna, edukiak…) eta horrekiko ikuspegi kritikoa. Bestalde, gailu digitalen abantailak eta pantailen gehiegizko erabileraren ondorioak aztertuko dira, tartean, ondorio fisiko, psikologiko eta emozional negatiboak. Azkenik, familiaren bitartekaritza teknologikoaren garrantzia eta gakoak ere erdigunean jarriko dira.