Mankomunitateak 62 puntu kritiko identifikatu ditu
Edukiontzi marroietan hondakin desegokiak aurkitu eta azterketak egin ondoren Mutriku, Deba, Eibar, Ermua eta Elgoibar puntu kritiko modura hartu dituzte.
Edukiontzi marroietan agertzen diren hondakin desegokien azterketa egin du Debabarrenako Mankomunitateak, eta aste betean 3.295 poltsa desegoki aurkitu ditu, hain zuzen ere, 62 puntu kritiko identifikatuz.
Urriaren 24an Mankomunitateko bi langile edukiontzi marroitik organikoak ez diren hondakinak ateratzen hasi ziren, hondakin organikoen edukiontzian geroz eta maiztasun handiagoarekin agertzen diren hondakin desegokien azterketa egin eta irtenbideak bilatzeko asmoz.
Aste betez egindako azterketan puntu kritikoak nabarmendu dituzte; Mutrikun 282 poltsa desegoki aurkitu dira eta sei puntu kritiko, Deban 248 poltsa desegoki eta sei puntu kritiko, Ermuan, 648 poltsa desegoki eta bederatzi puntu kritiko, Elgoibarren 641 poltsa desegoki eta 15 puntu kritiko eta Eibarren 1.319 poltsa desegoki eta 21 puntu kritiko.
Datu “kezkagarriak” ikusita identifikatutako puntu kritiko horietan birziklapen ohituren jarraipen estua egiten ari da Mankomunitatea, eta hala jakinarazi die inguruko bizilagunei etxeetako atarietan jarritako jakinarazpen bidez. Helburua herritarren inplikazioa areagotzea da, eta elkarlanean ohitura desegokiak murriztea. Puntu kritiko hauetan poltsa desegokiak ateratzea aztertu egingo da, izan ere, hondakinak era desegokian edukiontzietara botatzea lege haustea da, eta 600 euro arteko isuna izan dezake.