Ondarroan dagoen Lian muralgilearen artelana, munduko 100 onenen artean
Ehun onenen artean bozkatzeko aukera zabalik dago urtarrilaren 30era arte.
Street Art Cities atariak 2022an egin diren munduko 100 mural onenak argitaratu ditu, eta hain zuzen ere, Ondarroako Kamiñazpi auzoan dagoen Lian artistaren murala dago zerrendan: “Ohore bat da niretzat zerrendan egotea, maila ikaragarria duten artistekin batera egotea berezia bezain ederra da”.
Ez da lehenengo aldia Lian muralgilea ehun onenen zerrendan sartzen dena. 2019an Leitzako Atekabeltzen egindako muralaren lanagaz ere zerrendan sartzea lortu zuen, eta bozketa burututa, 45. postua eskuratu zuen. “Oso pozik hartu nuen albistea, eta mundu mailan 45.postua eskuratzea zoragarria izan zen, baina ezin izan nuen sariaren fruituak ikusteko aukerarik izan, saria jaso eta hilabetera pandemia etorri baitzen”.
Street Art Cities komunitatea mundu mailan kaleko artearen inguruan dagoen komunitate esanguratsua izanik, hauen zerrendetan sartzea bereziki garrantzitsua da: “Artearen munduko ordezkari talde batek egiten du lehenengo ehunen zerrenda, eta jada hor egotea ohore bat da niretzat. Mundu mailako artista onenen zerrendan egoteak ondorio batzuk izaten ditu guretzat, oihartzuna, lan aukerak, errekonozimendua… baina 2019an ez nuen aukerarik izan egoera hori bizitzeko”. Gainera, adituek egindako ehun lanen zerrendaren ondoren publikoa da sailkapena egiten duena bozka bitartez, “adituen errekonozimenduaz gain, publikoaren errekonozimendua jasotzea sari bikoitza da, azkenean, jendea da gure lanak gozatuko dituena eta hauen gustukoa izatea garrantzitsua da”.
Bozketa. Ehun aukeratu horien artean irabazlea zein izango den bozka bidez aukeratuko da, eta bozkatzeko aukera zabalik dago, hain zuzen ere, urtarrilaren 30era arte. Bozka Street Art Cities aplikazioaren bitartez eman behar da. “Bozka ematera gonbidatuko nuke jendea, aukera asko daude, eta nor bere gustuen araberakoa izanik, badago non aukeratu”.