Sei ondarrutarrek bete dute 2022ko mendi erronka
Ondarroako Udalak Aurrera Mendi Taldearen laguntzagaz iazko urte hasieran abiarazitako mendi erronkak erantzun ona eduki du. Udal ordezkariek eskerrak eman dituzte: "Jendeak halako erantzuna ematea betegarria da".
Udal ordezkariek esan dute urte osoan ia 800 argazki jaso dituztela, eta herritarren erantzun ona eskertu nahi izan dute. «Astero jaso dira argazki pila bat eta udal ordezkariok oso eskertuta gaude. Erronka bat antolatu eta jendeak halako erantzuna ematea betegarria da, poztekoa», esan du Nagore Badiola Alberdi Kirol zinegotziak. Aurrera Mendi Taldeko kideei ere esker ona agertu nahi izan diete.
Dena dela, esan dute sei herritar izan direla zerrenda osatu dutenak: Birtu Aramaio, Jabier Gabilondo, Ruben Ansola, Andoni Etxaburu, Javier Etxaburu eta Joseba Gartzia.
Gainera, hilero, erronkan parte hartzen zutenen artean zozketa bat ere egin dute, eta sari guztiak herriko establezimenduetan gastatzeko bonuak ziren. «Kirolak beste hainbat esparrutan eragiteko aukera ere eskaintzen du». Eta erronka burutu duten sei herritarren artean ere zozketa berezi bat egingo dutela esan dute. «Hurrengo egunetan jakinaraziko da zein izan den Euskal Herriko produktuz osatutako otzara bereziaren irabazlea».
Urtez aldatuta, kirol saileko ordezkariek hurrengo erronka zein izan litekeen pentsatzen hasteko galdegin diete herritarrei: «Polita litzateke erronka guk ezarri beharrean herritarren artetik ateratako ideia bat erronka bihurtzea. Ekarpenak jasotzeko prest gaude».