Oihana Kortazar: maila handiko gidaria, kausa on bat bultzatze aldera
Oihana Kortazarrek emakumezkoei zuzendutako 19 kilometroko mendi korrikaldia gidatu du. Domusa Teknik 40 MLK probako antolatzaileek prestaturiko bost saietako hirugarrena izan da.

Oihana Kortazarrek gidari lanak egin ditu joan den zapatuan: Domusa Teknik 40 MLK probako antolatzaileek emakumeen kirol presentzia hauspotu asmoz antolatutako mendi irteera zuzendu zuen Mutrikun bizi den korrikalari elgetarrak. 19 kilometro inguruko mendi ibilbidea egin zuten, Azpeitian hasi eta amaituta. Tartean, Xoxote mendi ingurura igo ziren, eta mokadu bat jateko geldialdia ere egin zuten.
Kortazarren arabera, “oso polita eta aberasgarria” izan zen egitasmo hura: “Berez emakumezkoei zuzenduta zegoen, baina gizonezkoek ere izena eman zezaketen, betiere emakumezkoren baten laguntzaile gisa aurkeztuz gero”. Lasterkarien erantzuna ere bikaina izan zen: 73 lagun elkartu ziren, horietako 46 emakumezkoak. Kortazarrek gidatutakoa Domusa Teknik 40 MLK-ko antolatzaileek sustaturiko hirugarren saioa izan zen. Azaroan, Malen Osa izan zen protagonista, eta 33 emakume animatu ziren parte hartzera; abenduan, ostera, Sara Alonso aritu zen gidari beharretan, eta 36 emakumek eman zuten izena.
Kortazarrek, gainera, adierazi du antolatzaileek aurrerantzean beste saio bi egiteko asmoa dutela: “Lehenengoak nutrizioa eta kiroletarako elikadura jorratuko ditu; bigarrena, berriz, mendian korrika egiteko lagungarria izan daitekeen gimnasio lan osagarriari buruzkoa izango da”.