Sukaldaritza tailerra antolatu du Lekeitioko Denbora Bankuak
Urtarrilaren 31ra atzeratu dute antolatzaileek ikastaroa eta 648 51 17 41 telefonoan eman daiteke izena.
Urte berriagaz batera, Lekeitioko Denbora Bankua ekimenak antolatzen hasi da. Kasu honetan, udalagaz eta Lekeitioko Lagunkoiagaz elkarlanean antolatu dute sukaldaritza tailerra. Bi izango dira prestatuko dituzten bazkariak. Alde batetik, neguko hotzari aurre egiteko berakatz sopa beroa prestatzen ikasiko dute, eta beste alde batetik, Gabonetan etxe askotako mahai gainean jarri den bizkaitar saltsa egiten ikasiko dute parte hartzaileek.
Sukaldaritza tailerra bihar [urtarrilak 11] egitekoa zen, baina antolatzaileek hilaren 31ra atzeratzea erabaki dute azkenean. Izena emateko epea zabalik dago oraindik eta 648 51 17 41 telefono zenbakiaren bidez egin behar da.
Lekeitioko Denboraren Bankua 2020an sortu zen. Zerbitzu honen bitartez, herritarren artean ezagutzak eta jarduerak trukatu nahi dira, elkarri laguntzeko sarea sortuz. “Herritarrei eguneroko bizitzan sortzen zaien arazo txikiak konpontzen laguntzea da helburua”. Herritar batek zerbitzu bat eskaintzen duen bakoitzean, orduak gehituko dira bere kontuan. Eta behar dutenean, kontuan pilatutako orduak beste zerbitzu batzuekin trukatu ditzakete bazkideek. Denboraren bankua doako zerbitzua da. Bertan parte hartzeko beharrezkoa da 18 urte baino gehiago izatea eta Lekeition bizitzea.