Lekeitioko Udalak ke-detektagailuak jarriko ditu nagusien etxeetan
Zerbitzua doakoa da, udalak hartuko baitu instalazioaren kostu osoa, onuradunek ez dute ezer ordaindu beharko.
Lekeitioko Udalak nagusien “segurtasun eta bizi-kalitatea” hobetzeko asmoz, ke-detektagailuak jarriko ditu zerbitzua baliatu nahi duten 80 urtetik gorako adinekoen etxeetan. Zerbitzua doakoa da herritarrentzat eta kostu osoa udalak hartzen du bere gain; beraz, onuradunek ez dute ezer ordaindu beharko, guztira 16.000 euro inguruko kostua izanik. Udaletik jakinarazi dute guztira 291 erabiltzailera heltzea aurreikusten dutela.
Erabiltzaile gehiagorengana heltzeko asmoz, aurten onuradunen adina 80 urtera arte jaistea erabaki dute. Horretarako, urtetik urtera adina zenbait urtetan jaitsi da. 2019an 86tik gorakoek erabili zezaketen zerbitzua, 2020an 83tik gorakoek eta 2022an 82tik gorakoek.
Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, ekimen honek bi helburu nagusi ditu: “Alde batetik, etxeen egitura ezagutzea ebakuazio beharrizanen aurrean. Adineko pertsona askok mugitzeko arazoak dituztenez, garrantzitsua da erreakzio-denborak murriztea, azkar ebakuatu ahal izateko. Beste alde batetik, adinekoek behar dituzten beste gizarte-zerbitzu batzuk ere antzematen dira proiektu honekin, etxera bisitan gizarte langile batek parte hartzen baitu”.
Ez da azken orduko proiektu bat, azken urteetan egin duten jarraipen luze eta zehatz bat baizik. Hain zuzen ere horregatik, udaletik zehaztu dute aurreko urteetan instalatutako detektagailuei ere mantentze-lanak egingo zaizkiela. Eskualdean doako zerbitzu hau ematen duen udalerri bakarra da Lekeitio.