Lekitto Bedarra taldeak 2022. urteko balantze “oso positiboa” egin du
Nahiz eta banaketa gutxiago egin, 2021ean baino 25 kilo barazki gehiago banatu dituzte.
Urte berriagaz batera, Lekitto Bedarra taldeak ez du aukera pasatzen utzi nahi izan 2022ko balantzea egiteko. Julian Arrate taldeko kideak nabarmendu du balorazioa “oso positiboa” izan dela. “Gorantza goaz, konpromisoa hartu dugu astero bertora joateko. Planifikazioa egiten dugu bakoitzean zer landara jartzeko. Elikagai Bankukoak oso pozik daude gure lanarekin, bestela ez dutelako barazki freskoak izateko aukerarik”. Gainera denetarik eskaintzen dizkie, sasoi bakoitzaren arabera produktu batzuk edo besteak, baina denak ala denak baratzetik hartu berriak izaten dira.
Arantza sartuta dute, bertako jasotzaileak ez direlako Usotegi parkera bertaratzen:”ez da bakarrik ortugintzaren inguruan lan egitea. Asko dago egiteko eta batez ere denbora pasa bikain bat da, eta lagunak egiteko eta sozializatzeko aukera ezin hobea”. Deialdia zabaldu zuten Elikagai Bankukoen artean, baina ez zuten erantzunik jaso. Lorpen hori eskuratzea lana “borobiltzea” izango zela aitortu dute. Hain zuzen ere, hori da Lekitto Bedarraren aurtengo helburua, taldera jende gehiago batzea. “2022an beste bi pertsona elkartu ziren, bilbotar bat eta zarauztar bat”.
2022an banaketa gutxiago egin dituztela esan dute, baina horietako bakoitza produktu gehiago zituela zehaztu dute. Hain zuzen ere, 350 kilo barazki banatu dituzte, iaz baino 25 kilo gehiago eta 2020an baino 50 kilo gehiago. Elikagai Bankuari hamaika banaketa egin dizkiete, Dominikar mojei bost aldiz banatu dizkiete eta Bihotz Zabal-Caritaseri hirutan. Hau da, guztira 19 banaketa, iaz baino hiru gutxiago eta duela bi urte baino bederatzi gutxiago.
Lekeitioko Elikagai Bankuak, esate baterako, 70-90 familiari banatzen dio janaria hilean behin, “aurten gure indarrak arlo horretan kontzentratu ditugu”. Bihotz Zabal-Caritasek astero egiten du banaketa hamabost familia ingururi eta Dominikar mojek egunero ematen diete hurreratzen diren pertsonei, lau bat egunean jakinarazi dutenez. “Horretarako, ekoizpena egokitu dugu denentzako heldu daitezen. 2023an asmo berdinekin jarraituko dugu”.
Letxugak izan dira 2022an gehien banatu duten produktua 1.105 alegaz: “Erabiltzaile bakoitzari bat emateko helburua dugu, landatu ostean arin batu daitekeen barazkia da, uda sasoian batez ere, orain otsailera arte itxaron beharko dugu. Beti ditugu baratzean pare bat baratze-alor 200-300 letxugarekin eta etengabe berritzen ditugu”. 300 porru inguru banatu dituzte eta aza lorak, azak, romaneskuak eta brokoliak 100etik gora, baita kipulak, piparrak, kalabazinak, pepinoak, patatak, babak edota bruselaseko azak ere.
Ekintzaileak. Horrez gain, Lekitto Bedarra taldeak zazpi edo zortzi ikastaro egin ditu, tomate edota pipar landaketa edo mahats inausketa, esate baterako. Hori gutxi ez, eta hainbat hitzaldi ere antolatu dituzte Jakoba Errekondogaz bi antolatu dituzte. Ekintzaile moduan ere ez dira geratu eta proiektu handi bat dute esku artean: Oletara arteko bidegorria hobetzeko plana. Dagoeneko Amoroto, Mendexa edota Lekeitioko alkateekin elkartu dira eta “harrera ona” izan dutela esan dute. Ispasterko Udalagaz elkartzeko esperantza dute ahal izan bezain laster. “Ekintzaile moduan ere presentzia dugu, gutxi bada ere saiatzen gara beti lanean egoten eta horrela jarraitzeko asmoa dugu 2023an”.