Boga Boga Ondarroako emakumeen arnasgunea
Duela berrogei urte abiatu zuten ibilbidea, eta bizirik zein aktibo diraute, ikasturte berrian murgildurik.
Ondarroako Boga Boga Emakumion Elkartearen ibilbidea duela 40 urte abiatu zen. Taldearen hastapenetan emakumearen ahalduntzearen ideiatik abiatutako proiektu bat izan zen, emakumeak elkarrekin josteko, egoteko eta euskaraz ikasteko batzen ziren. Urteak aurrera egin ahala bilakaera bat izan eta eraldatuz joan zen.
Kultura orokorrari lotutako gaiak jorratzen hasi ziren, taldeari izena eman eta gaur eguneraino aktibo jarraitu du. Egun, 2023an, Boga Boga elkartea bizirik eta aktibo dago, eta feminismoaren perspektiba ezberdinak ukitzen dituen gaien inguruko saioak aurrera eramaten dituzte.
“Errutina normatibotik atera eta astean bi orduz bada ere ikasteko, ikusteko eta esateko dutena elkarbanatzeko aukera”.
Hamabi lagun inguru daude taldean, eta astean behin, ostegunetan elkartzen dira Ondarroako Etxelilan, 19:00etan. Aurten gainera dinamizatzaile berriak dituzte, Intza San Martin eta Ivette Aristi ondarrutarrak. Gai ezberdinen inguruko saioak prestatzen dituzte, hala nola, hitzaldiak, zinema, dinamikak, jabekuntza eskolak eta mahai inguruak: “Talde honek asko ematen du, hirugarren belaunaldiko emakume asko amak, amonak eta etxeko emakumeak dira, errutina normatiboetan bizi diren emakumeak. Boga boga, arnasgunea da, errutina normatibotik atera eta astean bi orduz bada ere ikasteko, ikusteko eta esateko dutena elkarbanatzeko aukera”.
Oinarrian, ikasi, ezagutu eta parte hartu.
Elkartea definitzeko hamaika modu daude, baina zein modu hobeagorik taldea definitzeko taldea osatzen dutenen hitzekin baino: “Begiak ireki, gauza desberdinak entzun eta ikuspuntu ezberdinak ezagutu. Aberastasuna. Sare bat zabaltzen da eta abanikoa zabaltzen da. Norbere burua ezagutzea, autoezagutza. Begiak ireki eta ikasi. Gizartean parte hartzea”. Oinarrian, ikasi, ezagutu eta parte hartu. Taldeak barne dinamikak dituen arren, kanpora begira ere ekimen ezberdinetan parte hartzen baitute, hala nola, Etxelilako ekintzetan, M8an, antzerki emanaldietan eta irteeretan.
Hortaz, duela berrogei urte abiatu zen proiektuak bilakaera izan eta eraldatuz joan da, eta gaur egun aktibo dago, elkartearen oinarri diren partaideak aktibo daudelako; ikusi, ikasi eta parte hartu. Ateak irekita dituztelarik nahi duenarentzako.