Kokein eta Sua Ondarroan ariko dira azken lanak aurkezten
Suak 'Gorde genituen beldurrak' bigarren lana aurkeztuko du, eta Kokeinek 'Atomika' zazpigarren diskoa. Kontzertua 22:00etan hasiko da, Portuko Ranpan. Sarrerak salgai daude Noyan eta Zurrumurrun.
Sua eta Kokein taldeek kontzertua eskainiko dute zapatuan [urtarrilak 14], 22:00etan hasita, Ondarroako Portuko Ranpan. Bi taldeek euren azken diskoak aurkezteko baliatuko dute emanaldia; Suak Gorde genituen beldurrak bigarren diskoa aurkeztuko du, eta Kokeinek Atomika zazpigarren lana.
Sua 2018an Maruri-Jataben sortu zen pop-rock taldea da. Urtebete beranduago Gaztea Maketa Lehiaketa irabazi zuten (Sua), eta hurrengo urtean Ordu beltzak diskoa kaleratu zuten. Hori gutxi ez eta 2020an baita ere Gaztea Saria irabazi zuten. Azkenik, iazko abendu zapatuan [urtarrilak 14] Ondarroan aurkeztuko duten bigarren lana kaleratu zuten.
Kokeinen ibilbidea. Bestalde, Kokein 1999an Eibarren sortutako rock taldea da; Fory, Zaloa, Txitxes eta Jatsu batu ziren taldea osatzeko. Handik gutxira, Foryk taldea utzi zuen, eta Haritz sartu zen. 2002an Gaztelupeko Hotsak disketxeagaz taldearen aurkezpen diskoa izango zena grabatu zuten (Kokein). Hurrengo urtean Iker gehitu zitzaien eta ordutik disko berriak argitaratzen joan dira: Lotuta egon arren (2004), Mundu margotu berri bat (2007), Izan (2012), Lurpekhariä (2016) eta Lera (2017).
Azkenik, zapatuan [urtarrilak 14] Ondarroan aurkeztuko duten diskoa abenduaren 2an argitaratu zuten, eta horretan bide eta soinu berriak arakatzen ibili direla esan dute musikari gipuzkoarrek.
Sarrerak Noya tabernan eta Zurrumurrun daude salgai, 8 eurotan; txarteldegian ere erosi ahalko dira, 10 eurotan.