Leire Larrinaga: "Ez daukate ezer, baina bihotzez gu baino aberatsagoak dira"
Oporrak Bakean programarekin Bir Ganduzen bizi den Taufagaz uda igarotzeko aukera izan zuten. Abenduan, berriz, beraiek izan dute aukera Taufaren herrira bidaiatzeko.
Zelako esperientzia izan da Bir Ganduzen bizi izan duzuena?
Leire Larrinaga: Demasa. Naiak beragaz bidaia egiteko aukera eman zidan, eta ez nuen bi bider pentsatu. Bidaian bertan ez nintzen kontziente bizitzen ari nintzenaren handitasunaz, baina bueltatu ginenean konturatu nintzen zer nolako esperientzia bizi izan dugun.
Naia Larrinaga: Oso aberasgarria izan da, bihotza bete-bete eginda ekarri dut. Esan nezake 31 urtean ez dudala lortu bidaiak iraun duen zortzi egun horietan jaso ditudan baloreak barneratzea.
Oporrak Bakean programagaz Taufak uda Ondarroan igaro du zuekin, eta abenduan bere herrira bueltatu zarete.
N.L.: Bai, Taufaren familiagaz egoteko aukera eduki dut, bere etxean, bere guraso eta anai-arrebekin. Bere errealitatea ezagutu dut. Lau haur duen bikote gazte bat, amak 32 urte ditu, eta Taufa alaba nagusiena da. Berezia izan da harreman hori jarraitzeko aukera edukitzea.
«Bir Ganduzeko jendea dena emateko prest dago uneoro, ateak zabalik dituzte»
Zelakoa da Bir Ganduzeko errealitatea?
L.L.: Oso bestelako errealitate bat da, ez dute ezer. Hondar artean bizitzea bezala da. Buztinezko etxeak dira asko, ez dute komunik, ez dute errepiderik, ez daukate ezer. Familia artean ere errealitate ezberdinak daude, gizonezkoak Espainian lanean dauden etxeetan, diru iturriak daudela oso begi bistakoa da. Adibidez, gu egon garen etxeak buztinezkoak ziren, eta lurrean lo egiten zen, baina beste etxe batzuetan oheak zituzten, eta baita lurrean baldosak ere.
N.L.: Gure kasuan, etxea erortzear zegoen. Hogei minutuz oinez egin behar izaten dute, dutxa bat hartzeko aukera izateko. Baldintza gogorrak dira, baina beraien jarrera oso bestelakoa da.
Jarrera bestelakoa dela diozu, zer adierazi nahi duzu?
L.L.: Ez dute ezer materialik, pobreak dira, baina bihotzez gugaz alderatuta oso aberatsak dira. Gure kasuan, materialki dena daukagu, baina ez gaude ondokoaren onurari begira. Bir Ganduzeko jendea denei laguntzeko prest dago uneoro, ateak zabaltzen diote datorrenari, zein den jakin barik. Guk, ordea, etxeko ateak itxita edukitzen ditugu, eta hori gutxi ez balitz, giltzari bi buelta emanda.
N.L.: Dena emateko prest daude. Adibidez, ailegatu ginen egunean afaltzera gonbidatu gintuzten, eta afarira heltzean, mahai bete janari aurkitu genuen. Afaltzen hastear ginela, beraiek ez zutela afalduko, guztia guretzat zela esan ziguten. Mahai osoa janariz beteta, soilik guk biok afaltzeko. Beraien plazera gu afariaz gozatzen ikustea zen.
Zelakoa izan zen Taufaren egonaldia Ondarroan?
N.L.: Haurraren jarrera asko ez nituen ulertzen. Ez zuen arriskurik ikusten, intentsitate handiz ibiltzen zen alde batetik bestera. Baina bertara joan nintzenean ulertu nituen bere jarrerak, errealitate oso ezberdin batean bizi da. Ondarroara ailegatu zen lehenengo egunean bainuontzia betetzen ari nintzen berarentzat, eta haurrak iturria zarratzen zidan behin eta berriz, ura amaituko zenaren beldurrez.
L.L.: Gauza bitxiak ikusten genituen; ez zekien eskailerak igotzen eta jaisten, ez zekien komuna zer zen, zelan jesarri behar zen… eta lehenengo egunetan janariarekiko zuen antsietatea ere nabarmena zen.
«Emakumeen eginkizuna hilekoa joan bitartean haurrak izatea da»
Lehenengo egoera bizita eta beraren errealitatea ezagututa, uda honetan ere etortzekoa da?
N.L.: Bai, aurten ere guregana etorriko da. Bi uda igarotzeko aukera izaten dute, eta lehenengo urtea egin du, orain bigarrenari ekingo diogu. Gainera, aurtengo egoera oso ezberdina izango da, beste modu batera ezagutzen baitugu elkar eta elkarren errealitateak.
Emakumeen Etxea egiteko lanetan ere aritu zarete.
L.L.: Eramandako materiala banatzeaz gain, Emakumeen Etxean ere lan egin dugu. Elektrizitatea jarri behar zen eraikinean, hortaz, heldu eta beharrezko lanetan jarri ginen. Hori, esate baterako, oso harrigarria izan zen bertako gizonezkoentzat, emakumeak daratulua hartu eta lanean ikustea. Gizon eta emakumeen arteko hierarkia oso zehaztuta dago.
N. L.: Emakumeak izanik, garbitzera bidaltzen gintuzten behin eta berriz. Kultura ezberdintasunak une horietan nabariak ziren.
Zein da emakumeen errealitatea?
L.L.: Emakumeen eginkizuna hilekoa joan arte haurrak izatea eta garbiketa lanak egitea da.
N.L.: Ez dute aukerarik aurrera egiteko. Taufak ikasketak izateko aukeraz hitz egin genuen, haurrari ikasteko aukera eman eta etorkizun bat izateko, nahi izanez gero. Baina ohikoena ikasketak egin ondoren beraien herrira bueltatzea izaten da, ezkondu eta familiako nagusiak zaintzeko eginkizuna dutelako. Errealitatea hori da.
Zer izan da zailena?
L.L.: Bir Ganduzera joateko bidaia bera. Ez dakizu nora zoazen, zer aurkituko duzun, ezjakintasunak barruak mugitzen dizkizu. Gainera, bidaian arazoak egon ziren, eta atzerapenekin gindoazen, eta Tindufera heldu ginenean, denbora gelditu egin zen, beste erritmo batean bizi dira.
N.L.: Oso geldo doa beraien bizitza gureagaz alderatuta, eta hori guretzat talka handia izan zen hasieran. Pertsonaletik hori aipatuko nuke, baina bertako egoeraren alderdi zailena emakumeen egoera zen, erlijioak ez die aurrera egiten uzten, eta zaila da errealitate hori ikustea.
Bidaia honetatik, zer nabarmenduko zenukete?
L.L.: Pertsona modura daukaten aberastasuna, zein jende ona den. Datorren astean eginkizun bat egitera joan behar dela esango balidateke, bi aldiz pentsatu gabe joango nintzateke.
N.L.: Baloreekin geratzen naiz. Hala eta guztiz ere, guk gure esperientzia kontatu genezake, baina egoera bizi egin behar da.