Zesta-puntaren eta harrobiaren uztarketa, Ispasterren
Ispasterko Udalak lau zesta alokatzeko zerbitzua abiatu du. Doakoa izango da, eta herriko gazteei zuzendua. Udaletxean izena emanda eta giltz elektronikoa hartuta, frontoiaren behealdean hartu ahalko dira zestok.
Guztiona dena guztion artean zaindu lelopean, Ispasterko Udalak herritarrentzat lau zesta ipini ditu eskuragarri, herriko pilotalekuaren behealdean. Aritz Erkiaga puntista profesional ispastertarraren eta bere anaiaren zesta-punta eskolaren egitasmoagaz lotuta ernaldu da egitasmoa, udaleko ordezkariek azaldu dutenaren arabera: “Aritzek hamasei urtetik beherako herriko gaztetxoei zuzenduriko zesta-punta eskola dauka, eta bere nahiz bere anaia Aitzolen eskariz sortu da ekimen hau; helburu nagusia herriko ume zein gazteek kirol horretaz gozatu ahal izateko baliabideak edukitzea, eskolakoak izan zein ez”.
Doako zerbitzua izango da zestena, baina eurak alokatzeko zenbait baldintza bete beharko dira: batetik, udaletxean eskatu beharko da zestak hartzeko giltza elektronikoa; bestetik, umeen gurasoek edota legezko tutoreek egin beharko dute erabiltzaileen izen ematea. Pilotarien segurtasuna bermatze aldera, kaskoaren erabilera derrigorrezkoa izango dela adierazi dute, eta non aurkitu litezkeen argitu ere bai: “Frontoian edonork erabiltzeko zenbait kasko daude, eta zestak alokatzen dituztenek horiek hartzeko aukera edukiko dute”.
Udaletik argitu dute Erkiaga anaiek astean bi egunez egiten dituztela eskolak, baina zestak eskola horiez kanpoko ordutegian ere erabil daitezkeela. Dena dela, zesta-puntaren berezko araudia aintzat hartzeko eskaera luzatu diete erabiltzaileei: “Lau zestak hartu, eta etxean zestak dituztenekin bilduz gero, pilotalekuan lau pertsonatik gora jokatzen egoteko arriskua legoke, eta hori ez da segurua; herriko frontoiaren dimentsioak, hain zuzen ere, mugatuak dira, eta guztien ongizatea nahiz segurtasun bermatu behar dira”.
Ispasterko Udalak, zerbitzu horregaz, “duela hainbat eta hainbat urtetatik oso presente” izan duen kirolaren konpromisoa berretsi du: “Tokikoa eta hain errotua den kirolari merezi duen tokia eman gura diogu, harrobia bultzatzeaz gain; izan ere, antzina hainbesterainoko esangura edukitako zesta-punta hark beherakada nabarmena jasan zuen Amerikako frontoiak zarratu zituztenean, eta horrexegatik itzuli ziren bertora goi-mailako puntista asko. Orain, badirudi berriro suspertu dela, eta bolada horri eutsi gura diogu”.