Danon Artean taldea nagusitu da, lanak ondo eginda
Euskal Ligako 18 urte azpikoen kategoriako partida lehiatu zen zapatuan [urtarrilak 14] Mutrikun.

Danon Artean Taldea nagusitu da 26-12 Uribealdea/Txingudi taldearen aurrean. Mutrikuko San Miguel zelaian abiatu zen Euskal Ligako 18 urte azpiko partidua, eta Mutriku, Eibar eta Arrasateko jokalariekin osatutako taldeak aurrea hartzea lortu eta irabazi egin zion aurkari lehiakorrari.
Partidua oso parekatua izan zen, batik bat, lehenengo zatia. Talde biek ala biek erakutsi zuten maila, eta ez zioten gauzak erraz utzi aurkariari. Bigarren zatian, berriz, etxekoek abantaila hartzea lortu zuten, eta bultzadari eutsiz konfiantza hartuz joan ziren. Hala ere, aurkariek ez zuten amore eman eta lehiari gogor eutsi zioten. Hortaz, garaipena landu behar izan zuten Danon Artean taldekoek, baina landu eta lortu ere egin zuten.
Lehiakortasunak zelaian utzi eta partidu ostean lagunartean disfrutatu zuten jokalariek. Danon Artean taldeak denboraldiko lan onari eutsi dio beraz beste partidu batez, eta talde kohesioa irabaziz, denboraldiari jarraitzeko prest dago taldea.