Itsasoko hondakin plastikoak produktu jasangarri bilakatzeko proiektua
CircularSeas proiektu europarrean parte hartu dute Leartiker eta Leartibai Fundazioak.

CircularSeas hondakin plastikoak itsas industriarentzako produktu jasangarri bihurtzea helburu izan duen proiektuak bukatutzat eman du bere jarduera, eta azaroaren amaieran burutu zen proiektu europarraren itxiera ekitaldia, Vigoko Unibertsitatean. BRT aliantzako kide den Leartiker zentro teknologikoakĀ eta Leartibai Fundazioa eskualde-garapenerako agentziak parte hartu dute proiektuan.
Hiru urte eta erdiko epean, proiektuko bazkideen lana itsas sektorerako produktu edo osagai iraunkorragoak garatzea izan da, 3D inprimaketako teknologiaren bidez, industriak berak sortzen dituen hondakin plastikoetatik abiatuta. 5 nodo izan dira abiapuntu: Ondarroakoa, Vigokoa, La Rochelle-ekoa (Frantzia), Cork-ekoa (Irlanda) eta Penichekoa (Portugal). Nodo horietan bildutako hondakin plastikoen diagnostikoak egin ziren, ondoren horiek karakterizatzeko eta itsas sektorerako produktu jasangarri bihur daitezkeen birziklatutako lehengai posible gisa identifikatzeko.
Hondakin horietatik abiatuta sortuko dituzten produktu jasangarri berriak definitu dituzte, eta horiek fabrikatzeko negozio ereduak sortu dituzte. Zehazki,Ondarroako nodoan baztertutako poliamida-sareetatik abiatuta arrainarentzako prezioen euskarriak sortu dituzte, eta, gaur egun, inplementazio-prozesuan murgilduta daude etiketa arrandegien beharretara egokitzen dela bermatzeko.
Arrantza sektorea eta Ekonomia Zirkularra bateratzeko beharraren aurrean Lea-Artibaiko eskualdeko eragilek, tartean Leartiker eta Leartibai Fundazioak, duela zazpi urte lerro estrategikoa definitu zuten eskualdearen garapen ekonomikorako Lea-Artibai 2020 estrategiaren barruan, eta horregatik parte hartu dute CircularSeas proiektu europarrrean. “Portuetako hondakinen kudeaketak bide luzea du oraindik egiteko”, hortaz, ezinbestekoa da jardunbide egokiak hondakin plastiko mota guztietara zabaltzeko modua bilatzea.