Mutrikuko alde zaharreko zirkulazioa arautzeko kamerak ezarri dituzte
Informazioa zabaltzeko hitzorduak ezarri ditu udalak; ostegunean [urtarrilak 19], Zabiel kultur etxean.
Mutrikuko Udalak kamerak ezarri ditu alde zaharreko kaleetan, orduz kanpo ibiltzen den zirkulazioa arautu eta zuzentzeko asmoz. Adierazi dutenez, kamerak oraindik ez daude martxan. “Baimendutako ordutegitik kanpo pasatzen diren autoen jarraipena egitea, egungo egoera hobetzen saiatzeko dira”.
Orduz kanpo ibiltzeko baimena izango dute erabiltzaile batzuk, hala nola, alde zaharreko biztanleek eta horiei laguntzera doazenek, eremuan garajea dutenek eta eremuan komertzioa dutenek.
Informazioa zabaltzeko hitzorduak. Gaiari buruz herritarrei informazio zabalagoa helarazteko asmoz, eta inguruan komertzioa dutenen iritziak eta iradokizunak jasotzeko bi hitzordu ezarri dute, biak ala biak, ostegunean.
- Komertzioekin, urtarrilaren 19an, 13:00etan, Zabiel kultur etxeko hitzaldi aretoan.
- Alde zaharreko erabiltzaileekin, urtarrilaren 19an, 19:00etan, Zabiel kultur etxeko hitzaldi aretoan.