Adikzioen prebentziorako plana herritarrengana zabaldu du Lea Artibai Amankomunazgoak
Galdetegi bat prestatu dute eta urtarrilaren 29ra arte osatu daiteke.
Lea-Artibai Amankomunazgoko Gizarte Zerbitzuak, Adikzioen Prebentziorako Tokiko Plana (2023-2027) egiteko, herritarrei kontsulta egiteko prozesu bati ekin dio. Lehendabizi, urritik aurrera eskualdeko udalerrietako ikastetxeetako 12-18 urte bitarteko ikasleei bizi-ohituren kontsumoen eta bestelako erabilpenen inguruko galdeketa egin zuten.
Orain, gainontzekoen herritarren txanda da, urtarrilaren 29ra arte, hain zuzen ere. “Adikzioen arloan herritarrak gehien kezkatzen dituzten gaiak ezagutu nahi ditugu, horiei erantzuna eman ahal izateko”, adierazi dute Lea-Artibai Amankomunazgoko Gizarte Zerbitzutik. Galdetegia 5-10 minututan betetzen da.
Lortzen dituzten emaitzekin plan berrian ekintza espezifikoak definitu eta txertatuko dituzte. Adikzio plan berria Amankomunazgoaren Gizarte Zerbitzu Saileko ekintzarik garrantzitsuenetako bat izango da 2022-2026 agintaldian: “Datozen urteotan garatuko diren lehentasunezko esku hartze lerroak ezarriko dira”. Aurreratu dutenez, otsailean emango dituzte jakitera emaitzak.