Ke-detektagailuak jarri ditu Markina-Xemeingo Udalak pertsona nagusien etxeetan
Arrisku-analisiak ere egin dituzte, baita neurri zuzentzaileak proposatu ere.
Markina-Xemeingo adinekoen biztanleria “geroz eta ugariagoa” dela jakitun, hauen “segurtasuna areagotzeko”, ke-detektagailuak jarri ditu udalak adinekoan etxebizitzetan. Udal ordezkariek esan dute “aspaldi” egin zutela neurri horren aldeko apustua, baina errealitatea da 2011tik ez dela detektagailu berririk jarri.
2022ko urria eta azaroa bitartean 114 ke-detektagailu jarri dituzte. Horretarako, 16.831 euro bideratu dituzte, baina zerbitzuaren onuradunentzako guztiz doakoa izan da. Hain zuzen ere, 80 urte baino gehiago dituzten eta bakarrik edo 65 urtetik gorako beste baten batekin bizi diren pertsona guztiengana zuzendu da zerbitzua.
Hartzaile potentzial berrien zerrenda 150 etxebizitzakoa izan da, 113k erabaki dute parte hartzea, hau da, %75,4: 112 etxebizitzetan ke-detektagailu bat jarri dute eta beste baten bi ipini dituzte. Bide batez, 2011n jarritako ke-detektagailu guztiak errabisatu dituzte eta 2023an jarraipena egingo dizkiete berriei.
Segurtasuna handiagotu. Horrez gain, etxeetan arrisku-analisiak egiteko baliatu dituzte bisitak. 96 etxetan (%85) ez dute arriskurik identifikatu, baina 17tan bai, horietan neurri zuzentzaileak proposatu dituzte adituek. Era berean, gizarte-elkarrizketak egin dituzte. “Helburua da zaurgarritasun egoeran aurki daitezkeen pertsonak identifikatzea, edo zailtasun edota beharrizan bereziak jasaten ari direnen bizi baldintzak hobetzen saiatzea: tratu-txarrak, isolamendu edo/eta abandonu egoerak, arazo kognitiboak…”. Elkarrizketatutako pertsona bakoitzaren gizarte-txosten bat osatu dute, etxe bakoitzean antzemandako zein adierazitako beharrizanak isladatuz.