Lekeitioko Udaleko jai batzordeak aratusteetako kartel lehiaketa jarri du martxan
Urtarrilaren 31n amaituko da parte hartzeko epea eta 200 euroko saria lortuko du irabazleak.
Beste urte batez mozorroek eta jai giroak hartuko dute Lekeitio aratusteetan. Aldez aurretik, udaleko jai batzordeak ospakizunetarako kartel lehiaketa antolatu du. Edozeinek parte hartu dezake lehiaketa eta parte hartzeko azken eguna urtarrilaren 31 da 21:00etan. Lanak kulturetxea@lekeitio.eus posta elektronikora bidali behar dira.
Irabazlea otsailaren 2an emango dute jakitera, udaleko Facebookean eta komunikabideen bidez. Izen-abizenak emango dituzte, baita 200 euroko sari bakarra jasotzeko eguna eta tokia adieraziko dituzte. Jai Batzordeak, saririk ez ematea erabaki dezake, aurkeztutako kartelek behar besteko mailarik ez dutela uste badu.
Hori bai, antolatzaileek zenbait zehaztasun eman dituzte haien lanak aurkeztu nahi dutenentzat. Kartelak bai edo bai hurrengoko testua izan beharko du: Aratusteak 2023, Lekeitio eta otsailaren 16tik martxoaren 18ra. Horretarako, edozein teknika erabili daiteke, guztiz askea izango da. Era berean, herriko aratustei lotutako berezitasunen bat agertu beharko da lanean. Hain zuzen ere, epaimahaiak baztertu egingo ditu jaiekin zerikusirik ez duten kartelak.
Horrez gain, kartelak euskarri digitalean aurkeztu beharko dira, PDF edo JPG formatuan. A3 tamainakoa izan beharko da, bertikalean eta gutxienez 225ppp-ko bereizmenagaz. Kartelaren artxiboagaz batera lelo edo esaldi bat jarri beharko da. Egileek nahi beste kartel aurkez ditzakete, baina kartel bakoitzak bere lelo edo esaera propioa izango du. Hurrengo datuak jarri beharko dituzte: izen- abizenak, helbidea eta telefono zenbakia. “Lekeitioko Udaleko Kultura saila izango da saritutako lanaren jabea eta eskubidea izango du erakusteko, erabiltzeko edo argitaratzeko”, zehaztu dute.
Epaimahaiak jakinarazi duenez, hizkuntza eta irudi mota guztien erabilera inklusiboa eta ez-sexista egitea hartuko dute kontuan. Hau da, ez dituzte irudi edo hizkuntza sexistarik onartuko eta irudietan sexuen arteko oreka islatu behar dute parte hartzaileek. Ez dituzte onartuko emakumeen eta gizonezkoen rol estereotipatuetan oinarrituriko aurrejuzgu, jarduera, esaera eta irudiak. Era berean, norbanakoen osotasuna laidotzen duten kartelak eta homofobia edo xenofobia sustatzen dituztenak kanpoan utziko dituzte.
“Lanak lehenbizi, Emakumea eta Berdintasun zerbitzuak ikusiko ditu, hauek genero ikuspegia errespetatzen dutela bermatzeko. Ondoren, baztertuak izan ez diren lanen artean, jai batzordeak irabazlea aukeratuko du”, esan dute antolatzaileek. Jai batzordearen eta Emakume eta Berdintasun zerbitzuak hartutako erabakia “apelaezina” izango dela esan dute.