Ispaster, energia komunitatea sortzeko bidean
Ispasterko Udala eta herritarrak energia komunitatea sortzeko urratsak ematen ari dira. Gaur-gaurkoz, hogeita hiru lagunek izena eman dute eta hurrengo antolakuntza bilera hilaren 26an egingo dute. Martxo amaierarako komunitatea sortuta edukitzeko lanean ari dira.
Urte amaieran Ispasterko Udalak eta Ispasterko bizilagunek elkarlanari ekin zioten, herrian komunitate energetikoa sortzeko bidean; 2023aren hasieragaz, prozesuak aurrera dirau, eta, jadanik, hasiak daude komunitate horren nondik norakoak zehazten eta bere egitura gorpuzten. Ispasterko alkate GarbiƱe Saenz de Buruagak adierazi duenaren arabera, egitasmoak “energia jasangarritasuna, herritarren parte-hartzea eta ardura ekologikoa uztartzen ditu”: “Abenduaz geroztik, proiektuarekiko interesa agertutako guztiak biltzen eta antolatzen joan gara, eta herriarentzat hain garrantzitsua den ekimena martxan da, beraz”.
Udaletik zehaztu dute, gaur-gaurkoz, hogeitu hiru lagunek izena eman dutela, proiektuaren parte izan daitezen. Kopuru “oso polita” dela adierazi dute, eta, horrenbestez, “oso pozarren” agertu dira ispastertarrek energia komunitatearen egitasmoari emandako erantzunagaz: “Abenduan aztertu genuenez, zortzi bat herritarrek interesa agertuz gero, posible izango genuke proiektua aurrera ateratzea; baina, hogeita hiruk agertu dutenez, oso asebeteta gaude Ispasterko bizilagunek erakutsitako konpromisoagaz eta jarreragaz”.
Saenz de Buruaga: “Oso asebeteta gaude Ispasterko bizilagunek erakutsitako konpromisoagaz eta jarreragaz”
Kooperatiba formatua. Ispasterko energia komunitateak kooperatiba bezala funtzionatuko dutela azaldu du alkateak: “Komunitatea antolatzeko hainbat era daude, eta guk horixe ikusten dugu geure egoerara moldagarrien; hortaz, aurrerantzean zehaztu egin beharko dugu bazkide bakoitzak zein eginbehar edukiko dituen, kuotak zein kopurutakoak izango diren, eta bestelako xehetasunak”. Barne funtzionamendu horri begira, kanpo aholkularitza laguntza jaso du udalak, besteak beste, La Mirada enpresarena.
“Proiektu berri horrek Ipsaster bere osotasuenan biltzen du, hori egin beharrekoz urratsa zen”
Saenz de Buruagak “beharrezkotzat” jo du jasangarritasunaren eta autogestioaren hautua “udalerriko eremu guztietara” zabaltzea. “Eleizalde inguruan, honezkero, hainbat eta hainbat egitasmo egin ditugu noranzko horretan, baina proiektu berri horrek Ispaster bere osotasunean biltzen du, eta hori egin beharreko urratsa zen”, adierazi du. Hurrengo eguenean, hilaren 26an, edukiko dute energia komunitarearen lantaldeko hurrengo bilera saioa: “Komunitarearen estatutuak zehaztu beharko ditugu bertan, baita talde sustatzailea eratu ere”. Era berean, martxoaren amaiera aurreikusi dute kooperatiba energetikoaren sortze data modura.