Lekittoko Mugimendu Feministia talde bezala aurkeztuko da lehen aldiz Lilatoian
Milaka emakumek hartuko dituzte beste behin Donostiako kaleak martxoaren 5ean.
2022ko abenduaren erdialdean zabaldu zen 33. Lilatoian parte hartzeko izen-emate epea. Lekittoko Mugimendu Feministia lehen aldiz talde moduan aurkeztuko da Donostian. “Talde moduan aurkeztean, helburua da Lekittoko Mugimendu Feministiak egiten duen lana ikustaraztea, azken batean talde batek norbanako batek baino indar gehiago hartzen du”, esan dute.
Horretarako, izena emateko epea zabaldu dute lekeitioko emakumeek, urtarrilaren 23tik 27ra 19:00etatik 20:00etara herriko Andraetxian egongo dira parte hartzaileak jasotzeko prest. Lasterketan korrika egiteko eskubideak eta kamisetak 13 euroko prezioa du. Horrez gain, Donostiara arte joateko autobusa dohainik izango da parte hartzaileentzat, ez, ordea, bertaratu nahi dutenentzat.
Gogoratu dute Lilatoiko hiru talde jendetsuarentzat saria banatzen dituztela antolatzaileek. Horrenbestez, izena emateko deia luzatu dute Lekittoko Mugimendu Feministiatik. Dagoeneko 1.300 emakumek baino gehiagok eman dute izena lasterketan, iaz 5.000 emakumek baino gehiagok parte hartu zuten.
Andraetxian izena emateko epea urtarrilaren 27an amaituko den arren, egun horretatik aurrera ere norbere kabuz izena emateko aukera egongo da Lilatoiaren webgunetik otsailaren 26ra arte.