Denetarik eta denentzat, Munitibarko San Bizente jaietan
Zapatu-domekan, musika, kirola eta gastronomia uztartuko dituen eskaintza oparoa edukiko dute. Antolatzaileek adin eta profil guztietara moldatu dute jaietako egitaraua.
Munitibarko herritarrak San Bizente jaiei begira daude. San Bizente Eguna domekan izango den arren, Munitibarko Udalak asteburu osorako jai egitaraua antolatu du. Sanbizenteak Munitibarko lau jaietako bat dira eta, horrenbestez, esangura handia daukate herrian. Horrenbestez, herritar denei eta adin tarte guztiei egokituriko egitaraua atondu dute.
Ospakizunak zapatu eguerdian ipiniko dituzten abian, eta haurrak izango dira hasiera horretako protagonista nagusiak. Izan ere, herriko plazan umeentzako puzgarriak ipiniko dituzte. Leku berean, gainera, karpa bat egokituko dute, eta bertan hainbat egitasmo egongo dira jaietan. Horietako lehendabizikoa 12:30ean egingo dute: txakolin eta sagardo dastaketa. Aurten, tokiko produktuari tokia emango diote antolatzaileek, eta, beraz, eskualdeko ekoizle batenak izango dira dastaketak produktuak: Markina-Xemeingo Axpe sagardotegikoak. Antolatzaileek “artisau eran ekoitzitako produktuen aldeko apustua” egingo dute aurten, argitu dutenez.
Bazkaltzeko tartea hartu ondoren, arratsaldean jai giroagaz jarraituko dute. Plazatik hasita, Munitibarko kalerik kale ibiliko dira karro poteora animatuko diren guztiak. Musika eta giro atsegina lagun izango dute, herriko taberna batetik bestera egitean; hain zuzen ere, antolatzaileek aurreratu dute Miren G. izango dela musika girotzearen arduraduna. Karro poteoak hasiera eremu berberean edukiko du amaiera, eta zuzeneko musikaren txanda iritsiko da 21:00etan.
Hilbera metal talde markina-xemeindarra izango da taula gainera igotzen lehendabizikoa, eta doinu pisutsuekin hartuko du karpa. Ondoren, Gasteizko Zero taldekoak igoko dira oholtzara. Jarraian, gaueko kontzertu nagusiaren txanda izango da: Kaleko Urdangak. Bergarako, Azkoitiko eta Gernika-Lumoko partaidez osatutako taldeak beren azkeneko lan luzea, Etengabe aurrera, aurkeztuko du munitibartarren eta ingurutik etorritakoen aurrean. Azkenengo emanaldia DJ Bullena izango da; denetariko musika eskainiko du, zapatuko egitaraua zarratuz.
Frontoia, epizentro. Domekako, San Bizente Eguneko, egitaraua zapatua amaitu zen leku berean abiatuko dute: karpan. Trikiti doinuz alaiturik, pintxoak dastatu ahalko dituzte 12:00etan hara bertaratzen direnek. Arratsaldean, ostera, plazatik pilotalekura mugituko da jaietako fokua. 17:00etan, hain zuzen ere, Lea-Motrollo pilota klubeko gaztetxoen esku pilota partiduak egongo dira han, nagusiak orduko. Enbeitak eta Arrizak osatutako bikoteak Albizuk eta Murugak osaturikoaren kontra neurtuko ditu indarrak 18:00etan. Nagusi mailako esku pilota partidu horregaz emango dituzte amaitutzat San Bizente jaiak Munitibarren.
EGITARAUA:
ZAPATUA
- 12:00. Umeentzako puzgarriak, pilotalekuan.
- 12:30. Txakolin eta sagardo dastaketa, karpan.
- 18:00. Karro poteoa, plazatik hasita.
- 21:00. Kontzertuak, karpan.
DOMEKA
- 12:00. Pintxo jana eta trikitilarien emanaldia, karpan.
- 17:00. Umeen pilota partiduak, frontoian.
- 18:00. Nagusien pilota partiduak, frontoian.