Erreminta Gida: krisi klimatikoari aurre egiteko eta energia aurrezteko laguntza sorta
Energiaren Euskal Erakundeak eta Ihobek Erreminta Gida programa ezagutzera eman dute, tokiko administrazioek jasangarritasunaren arloa lantzeko gomendioak batzen dituen laguntza sorta, baita teknikariak kontratatzeko laguntzak barneratzen dituena ere.
Energiaren, klima aldaketaren eta jasangarritasunaren arloan ekimen berriak garatu ahal izateko laguntza programa aurkeztu diete Energiaren Euskal Erakundeak eta Ihobek Busturialdeko eta Lea-Artibaiko tokiko administrazioei: Erreminta Gida.
Jardunaldian Busturialdeko eta Lea-Artibaiko alkate, zinegotzi, mankomunitateetako kide eta teknikariak egon dira. Eta, horiek guztiek, 19a nonahi dago, seinale bat ote? kanpainagaz bat egin dute, hau da, berogailuen gehieneko tenperatura 19 gradutara mugatuz energia aurreztu nahi duen kanpainagaz.
2030 urterako tokiko administrazioek euren kontsumoak %35 murrizteko eta energia berriztagarriak %32 izatea lortzeko erronka dute. Hain zuzen ere, gaur aurkeztutako laguntzen xedea toki administrazioei helburu horiek lortzen laguntzea dela dio Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusiak.
Zehaztu duenez, Erreminta Gidaren helburua da toki administrazioei energia eta klimaren arloko trantsizioarekin lotutako jardueretan laguntzeko proiektu bat diseinatzea, abiaraztea eta egikaritzea, “gaitasunen sorketan, euskarri teknikoan, laguntzetan eta aitorpenean oinarrituta dagoena”. Eremu horretan eskuragarri dauden baliabideen erabilera zabaltzen laguntzen duen eta tresna eta zerbitzuen berri ematen duen gida da gaur aurkeztu dutena.
Iñigo Ansola: “Nahiz eta laguntzeko erramintak izan, ikusten genuen ez ginela behar bezala heltzen udalerri denetara, eta horretarako gaude gaur hemen. Gure asmoa da diru laguntza lerro ezberdin asko ditugula ikusaraztea, baita zuengandik hurbil eta laguntzeko prest gaudela ikusaraztea ere”
Udalerri eta eskualdeetarako ibilbide orria zehazten du Gidak, energia eta klimaren arloko politikak aplikatzea errazteko eta toki erakundeek arlo horretan duten konpromisoa agerian uzteko.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako toki administazio guztiak energia eraginkortasunaren hobekuntzan eta klima aldaketaren aurkako ekintzan “inplikatuta” dauden arren, Lea-Artibain eta Busturialdean natura intereseko hainbat leku daudela dio Ansolak, hala nola, Urdaibai edo Leako arroa, eta horietan ere jarduera ekonomikoa, soziala eta kulturala bateratu behar direla uste du. “Helburu horiek lortzeko eragile guztiengana jo behar genuen, eta abagune handia geneukan herri txiki zein handietan. Nahiz eta laguntzeko erramintak izan, ikusten genuen ez ginela behar bezala heltzen udalerri denetara, eta horretarako gaude gaur hemen. Gure asmoa da diru laguntza lerro ezberdin asko ditugula ikusaraztea, baita zuengandik hurbil eta laguntzeko prest gaudela ikusaraztea ere. Udalerri horientzat Erreminta gidak eskaintzen duen laguntza sorta bereziki interesgarria izan daiteke”.
Bestalde, Mari Mar Alonso Ihoberen Ekintza Klimatikoaren arloko arduradunak gogora ekarri du tokiko eragileak “funtsezkoak” direla etorkizunean energia kontsumoa zehaztuko duten oinarrizko gaietan, baita hiri ereduen definizioan edo mugikortasuna zelakoa izango den zehazteko momentuan ere. “Guretzako udalerrietatik gertu egotea ezinbestekoa da, ez bakarrik eurei laguntzeko, baita helburuak lortzeko ere”, adierazi du.
Alonsok gaineratu du helburuak betetzeko elkarlanean jardun beharko dutela: “Deskarbonizazioari buruzko helburuak ezin izango ditugu lortu udalen laguntzarik barik. Baditugu tresnak, baina badakigu alderdi teknikoak eta administrazio izapideak konplexuak direla. Ondorioz, denon artean lan egin behar dugu, eta aukerak sortu”.
Erreminta Gidak eskaintzen dituen laguntzen artean, tokiko administrazioetan teknikariak kontratatzeko aukera nabarmendu dute Ansolak eta Alonsok
Ansolaren berbetan, energiaren eraginkortasuna bultzatzeko eta energia berriztagarriak ezartzeko “zeregin” handia dute erakunde publikoek: “Berriztagarriak ezartzeko momentuan zailtasunak izan ditzakegu Bizkai, Araba eta Gipuzkoan, baina proiektu handi asko egin beharrean txiki asko egiteko gai izanez gero, gauza handiak lor ditzakegu denon artean. Horretan, erakunde publikoek zeresan eta zeregin handia dugu”.
Baliabideak. Hain zuzen ere, Erreminta Gidak eskaintzen dituen laguntzen artean, tokiko administrazioetan teknikariak kontratatzeko aukera nabarmendu dute Ansolak eta Alonsok, EEEk eta Ihobek Lanbiderekin eta Novia Salcedo Fundazioarekin lortutako akordioari esker. “Urtebetez, klima aldaketa eta trantsizio energetikorako teknikari berriak kontratatzeko aukera emango du hitzarmen honek, eta, horrela, enplegu berdea, gaztea eta kalitatezkoa bultzatuko dugu”, nabarmendu du EEEko zuzendariak.
Ihobeko ingurumen jasangarritasunaren ordezkariek, gainera, gida horretan bildu dituzten tresnen, zerbitzuen eta diru laguntzen berri eman diete tokiko udal administrazioei, lau lan ildotan banatuta: euskarri teknikoa, gaitasunak sortzea, laguntza programak eta proiekzioa.