Lekeitiok itsas ondare iraunkorrari balioa emateko hiru proiektu aurkeztu ditu FITURen
Lekeitioko ordezkaritzak gaur [urtarrilak 19] eman ditu aditzera proiektuak, Madrilen.
Lekeitioko Udalak FITUR turismo azokan aurkeztu ditu gaur [urtarrilak 19] hurrengo urteetan bisitariak erakartzeko proiektu nagusietako hiru. Hain zuzen ere, Santa Katalina itsasargia, Garraitz irla eta Mendieta ontziola dira, hirurak itsas ondare iraunkorrari balioa ematekoak. “Turistak eta bisitariak erakarri nahi ditugu gure ohiturak eta balioak erakusteko, ez bakarrik Lekeitiora etortze hutsagatik, baizik eta gure udalerria marinel-herri gisa sakon ezagutu dezaten, bere iragana ahaztu gabe eta etorkizunera begiratzen herri bezala”.
Madrilen aurkeztu duten lehen proiektua Santa Katalina itsasargiaren berritzea da. Lekeitiokoa Euskadiko lehen itsasargi bisitagarria da, eta interpretazio-zentro bat du barnean, nabigazioaren munduan zehar bidaia egiteko aukera emanez. Hori da berritu nahi dutena. Interpretazio-zentroa 2010ean ireki zen, eta 65.000 bisitari baino gehiago hartu ditu. Azken urteetan, kopuru hori jaitsi da, hori dela eta teknologia “indartu eta berritu” nahi dute. “Beharrezkotzat jotzen dugu auditoretza bat egitea sistema osoaren egoera sakon aztertzeko eta ondorioak eta hobetzeko aukerak planteatzeko”.
Helburua itsasargian dauden lau espazioak berritu eta birbalorizatzea, eta eraikinaren irisgarritasuna hobetzea. Gaur egun, proiektu museologikoa eta museografikoa egiten ari dira, eta maiatzaren amaieran lanak amaituta egongo direla aurreikusten dute. Inbertsioa 460.000 euro ingurukoa da, eta zati bat Bizkaiko Foru Aldundiak diruz lagunduko du.
Garraitz irlari dagokionez, historian zehar hainbat erabilera izan ditu eta, ondorioz, gertaera historiko horiei lotutako aztarnak aurki daude. Horregatik, Lekeitioko Udalaren, Atabaka Elkartearen eta Aranzadi Zientzia Elkartearen eskaerari erantzunez, Eusko Jaurlaritzak Parke Arkeologikoaren izaera onartu zion 2019an. “Irla baloratu eta babestu nahi duten definizioa da”. Era berean, uhartea habitat berezia da, hegazti-espezie eta mikrofauna-espezie askoren babeslekua izanik. “Oso garrantzitsua da uhartea eta bertan aurkitzen den ondarea baloratzea, Garraitz mantendu eta babesteko”. Udalak aztarnak eta bertako fauna eta flora zaintzen lagunduko duten neurriak hartuko ditu. Lanen inbertsioa 200.000 euro ingurukoa izango da. Proiektua Aranzadi elkarteak zuzenduko du eta Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta Next Generation funtsen finantziazioa izango du.
Azkenik, Mendieta ontziolan egingo diren lanen hurrengo faseak aurkeztu dute. Azken urteotan hainbat lan egin dituzte ontziola zaharberritzeko. Oraingoz, ontziolaren hasierako posizioa berreskuratu dute, eta, orain, alboko eraikina zaharberritu eta erabilera anitzeko eremu bat sortu nahi dute, “Lekeitioko itsas ondarea kontserbatu eta balioan jartzeko”. Udalak Bilboko Itsasmuseumarekin lan egiten ari da ontziolaren etorkizuneko erabilera zehazteko. Inbertsioa guztira 2 milioi euro ingurukoa da. Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Next Generation funtsen finantziazioa du.