Gaur [urtarrilak 21] denetarik eta denentzeko ekimenak izan dituzte auzotarrek eta bertso afarian elkartuko dira ospakizunei amaiera emateko.

Markina-Xemeingo Barinaga auzoan joan den domekan [urtarrilak 15] eman zieten hasiera San Anton jaiei eta gaur [urtarrilak 21] amaituko dituzte. Tartean egitarau luzea izan dute auzotarrek era guztietako ekintzekin. Hala ere, ez zieten atzora arte [urtarrilak 20] hasiera ofiziala eman txupinazoagaz.
Gaur [urtarrilak 21] arratsaldean egin dituzte ekintzak Barinaga auzoan. Denentzako eta denetariko ekimenak izan dituzte auzotarrek. 16:00etan hasi da, adibidez, II. Neguko Bolak Txapelketako azken jardunaldia auzoko bolatokian. 40 parte hartzailek eman dute izena, baina beste asko izan dira bola jokoa probatu nahi izan dutena. Markina-Xemeingo MX3T taldetik aukera zabaldu dute kirola probatu ahal izateko.
Gazteagoek Markina-Xemeingo erraldoien ikuskizunaz gozatu dute, gainera erraldoi txikiek eromena sortu dute. Dantzan egin dute herriko frontoian, besteak beste, Fandangoa edo arin-arina. Umeentzako jolasak ere jarri dituzte barinagako jai batzordetik, toka jolasa, esate baterako. Nagusiagoek, berriz, karta jokorako aukera izan dute, mus txapelketa jokatu dute, 20 bikotek eman dute izena.
Izarra. Hain zuzen ere, urtero Barinagako San Anton jaietako izar nagusietako bat bertso afaria da. Aurten, ostera ere, Nerea Ibarzabal Salegi bertsolari markina-xemeindarrak eta Andoni EgaƱa Makazaga bertsolari zarauztarrak ipiniko diote doinua afariari. Gero, rifaren zozketa egingo dute. Ostean, dantzarako aukera ere egongo da Laja II eta Lutxurdixo trikitilariekin. Goizaldera arte eusten dutenek, gainera, berekatz zopa edukiko dute zapatuko jaia amaitzeko.