Autonomoen lege berriari buruzko formakuntza eskainiko du Leartibai Fundazioak
Saioa urtarrilaren 30ean izango da, 14:30etik 16:30era, Markina-Xemeingo Leartibai Berrikuntza Guneko auditorioan (bigarren solairuan).
Iazko abuztuan onartu zuten autonomoen lege berria, eta berrikuntza ugari daudela eta, Leartibai Fundazioak horri buruzko informazio zehazta emateko autonomoentzako saioa eskaintzea erabaki du. Parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman behar dute, telefonoz deituta (94-616 91 72 Leartibai Fundazioa).
Formakuntza Lea-Artibaiko autonomoei zuzenduta dagoela zehaztu dute. “Saioan ondokoei buruzko zehaztapenak emango dira: 2023tik aurrera kontuan hartu beharreko alorrak, Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB) alta emateari lotutako betebehar eta aukera berriak, diru sarreren tarteen araberako kotizazio taula orokorrak, urteko etekin garbien kalkulua eta diru sarreren aurreikuspenak”.
Formakuntza saioa Eunate Llona Aurrekoetxea PKF ATTEST enpresako langileak zuzenduko du. “Llonak 15 urte baino gehiagoko esperientzia dauka ekintzaileentzako, mikroETEentzako eta ETEentzako aholkularitza eta prestakuntza zerbitzuetan”.