Intsektu eta landare jatorriko proteinekin egindako jakiak dastatu dituzte Markina-Xemeinen
Leartiker Zentro Teknologikoak eta Insektlabel Biotech (Zamudio) eta Innomy Biotech enpresek proteina osasungarri eta jasangarri berriei buruzko hitzaldia eskaini dute Markina-Xemeinen.
Elikagaien sektoreak gero eta erronka handiagoak ditu kontsumitzaileen eskaerei aurre egiteko. Hala, herritarren kontsumo beharrak ulertu eta dibertsifikazio bide berriak bilatu nahian, Leartikerrek eta Insektlabel Biotech eta Innomy Biotech enpresa berritzaileak proteina iturri berriekin ari dira lan egiten. Hain zuzen ere, intsektu eta landare jatorriko proteina iturriekin.
Zentro eta enpresa horietako ordezkariek jardunaldian azaldu zuten proteinak hainbat iturritatik lortu daitezkeela, eta, nahiz eta ohikoena haragia izan, hitzaldian veggie korrontearen gorakadaren ondorioz animalia jatorrikoak ez diren proteina iturri jasangarri berrian inguruan aritu ziren Lorena Zudaire Leartikerreko PREST espezializazioko arduraduna, Josu Oleaga (Insektlabel Biotech) eta Francisco Kuhar (Innomy Biotech).
Lea Artibai Ikastetxeak antolatutako jardunaldian ondokoek parte hartu zuten: Markina-Xemeingo Lea Artibai Ikastetxeko ikasleak eta Derio, Elgoibar, Txurdinaga, Leioa eta Galdakaoko Dietetika, Sukaldaritza, Laborategi eta Nekazaritza alorreko Lanbide Heziketako ikasleak. “Ehundik gora ikasle batu ziren”, esan dute Markina-Xemeingo ikastetxeko arduradunek.
Azalpenak adi-adi entzuteaz gain, Leartikerren instalazioak bisitatu eta zentro teknologiko batek erabiltzen dituen instalazio, erreminta eta gailu profesionalak bertatik bertara ikusteko aukera eduki zuten ikasleek. Eta hori gutxi ez balitz, bisitaren amaieran Tenebrio molitor (irinaren kakalardoa) intsektuaren irinarekin eta landare jatorriko proteinekin garatutako jaki berriak dastatu zituzten.