Eskualdeko puntistak ariko dira Ezkurdi frontoiaren berrinaugurazioan
Barikuko partidak ikusteko sarrerak agortu dira jada.
Durangoko Udalak antolatuta Ezkurdi Jai Alai frontoiaren berrinaugurazioa burutuko da asteburuan, eta behar bezalako ospakizun ekitaldia eskaintzeko goi mailako puntisten partidak antolatu dituzte, baita eskuzko partidak ere; zesta punta, pelota eskola eta esku pilota egongo dira ikusgai.
Zesta puntaren ikur izan den frontoiaren inaugurazioa barikuan [urtarrilak 27] abiatuko da, 19:30ean, eta eskualdeko emakume puntisten partidekin hasiko da emanaldia, eta eskualdeko hainbat puntista ikusteko aukera egongo da. Helena Barrenetxea durangarrak Eneritz Lizardi mutrikuarrarekin osatuko du bikotea, eta Erika Mugartegi markina-xemeindarra eta Maialen Aldazabal berriatuarra izango dituzte aurrez aurre. Asteak geratzen dira emakumezkoen Winter Serieseko lehiari ekiteko, eta hain zuzen ere, Ezkurdi frontoian abiatuko dituzte partidak.
Barikuan lehiatuko den bigarren partidan, berriz, gizonezkoek ekingo diote lehiari; Aritz Erkiaga eta Jon Zabala kantxaratuko dira, Iñaki Osa Goikoetxea eta Unai Lekerikabeaskoa aurrez aurre izanik. Antolatzaileek aurreratu dutenez barikuko partidak ikusteko sarrerak agortuta daude jada. Domekarako sarrerak eskuragarri daude durango.eus webgunearen bitartez.
Ospakizunak egun bakarrera mugatu beharrean domekan [urtarrilak 29] ere ikuskizunak abian jarraituko du, esku pilotaren unea izanik. 16:30ean, pilota eskolako partidak jokatuko dituzte, eta 18:00etan, Laso-Uriondo eta Artola-Morgaetxebarriaren arteko partidari ekingo diote.