Etxebarriko frontoian jokatuko da Ados pilota txapelketako jaialdia
Domekan [urtarrilak 29] 12:00etatik aurrera binakako txapelketako bi partida jokatuko dira.
Etxebarriko frontoiak emakumezkoen Ados pilota elkarteak antolatzen duen binakako txapelketako jaialdia hartuko du. Domekan [urtarrilak 29] 12:00etatik aurrera ligaxkako bosgarren jardunaldiko bi partida jokatuko dira.
Lehendabizikoan, Irantzu Etxebestek eta Andrea Capellanek Maddi Barrokal eta Olatz Ruiz de Larramendiren aurka neurtuko dituzte indarrak. Kontraste handiko partida da. Etxebestek eta Capellanek, Miguel Capellan pilotari ohiaren alabak, ez dute oraindik partidarik irabazi eta beste aldea, Barrokal eta Ruiz de Larramendik ez dute lehiarik galdu, azken partidan 22-14 irabazi zieten Ruiz de Infante eta Orbegozori, Agurainen.
Bigarren neurketan, Andrea Aldaraegiak eta Ane Mendiburuk Iera Iturriaga eta Leire Galeano izango dituzte aurrean. Lehen bikoteak bi partida irabazi eta beste bi galdu ditu orain arte, eta bigarrenak bi lehiatan gailendu dira eta baten galdu. Leitzan jokatu zuten biek ala biek azken partida, Iturriagak eta Galeanok 22-17 hartu zituzten mendean Etxekolon eta Mujika. Aldaraegiak eta Mendiburuk, berriz, ezin izan zituzten Zabaleta eta Agirre gainditu, 20-22.