Europak Mutrikuko dikea luzatzeko obren legezkotasuna aztertuko du
Europako Parlamentuko eskaera batzordeak onartu egin du Mutriku Natur Taldeak dikea luzatzeko obren legezkotasunari buruz egindako berrikuspen eskaera. Plataforma ekologistak dio argi dutela Jaurlaritzak kirol portu bat egin nahi duela. "Gutxienez legea betetzeko borrokatuko dugu".
Mutrikuko babes dikea 440 metroraino luzatzeko Eusko Jaurlaritzak egindako proiektuak hirigintza eta ingurumen araudiak urratzen dituela dio Mutriku Natur Taldeak. Eta lege urraketa horren aurrean, plataforma ekologistak Europako Parlamentuko eskaera batzordeari proiektu horren legezkotasuna berrikusteko eskatu zion. Orain, Europako Parlamentuak eskaera onartu eta proiektuaren legezkotasuna aztertuko du.
Lanak burutzeko kontratuaren esleipenak ingurumen legedia “nahita” urratzen zuela iritzita, Mutriku Natur Taldeak dikea luzatzeko obren aurka auzi errekurtsoa aurkeztu zuen iazko urrian Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian; Jaurlaritzaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailak Mutrikuko porturako itsas sarbidea hobetzeko egindako kontratuaren esleipenaren aurka aurkeztu zuten errekurtsoa. Aldi berean, Europako Batasunari eraikuntza lanei buruzko Europako zuzentarauetan jasotako bermeak betetzeko eskaera luzatu zion.
Mutriku Natur Taldea: “Dikea luzatzeko obrak ez datoz bat 2001ean egindako proiektuarekin”
“Europako legeriak Ingurumen-inpaktua Ebaluatzeko Araudia (IEA) betetzera behartzen du estatu kide bakoitza. Beraz, 2019an Jaurlaritzak egindako dikea luzatzeko proiektuak zuzentarauaren irizpideak betetzen dituela egiaztatu beharko litzateke, baina hori ez da egin”, azaldu dute Mutriku Natur Taldeko kideek. Bide horretatik, gogorarazi dute 2005ean dikea eraiki zenean Mutrikuk natur ondarearen zati garrantzitsu bat galdu zuela.
Mutrikuko Portuaren 2001eko Plan Bereziari dagozkion proiektuen ondorioen ebaluazioa ere ez dela kontuan hartu diote plataforma ekologistako kideek. “Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Mutrikuko Porturako Itsas Sarbidea Hobetzeko Proiektuaren Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenaren aldeko ebazpena eman zuen 2004ko uztailaren 29an. Horretan argi jasotzen da Mutrikuko portua handitzeko jarduketak ezin izango direla gauzatu IEAren prozeduren barruko fase guztiak bete gabe. Beraz, dikea luzatzeko obrak ez datoz bat 2001ean egindako proiektuarekin”.
Horrenbestez, Portu Berrirako Plan Berezian ezarritakoa ez dela betetzen diote natur taldekoek. Izan ere, horren arabera, IEAk bere osotasunean aipatu behar zuen plana. “Agerikoa da indarrean dagoen hirigintza eta ingurumen legeak nahita ez direla betetzen”.
Mutriku Natur Taldeko kideak pozik agertu dira Europako batzordeak eskaera tramitera onartzeagatik, baina gogorarazi dute obrak martxan daudela
Txosten teknikoek diotena. Mahairatu dute zenbait txosten teknikok egiaztatzen dutela egungo dikearen luzera nahikoa dela dikea egiteko helburua betetzen dela bermatzeko. “Gainerako guztiak ez dauka justifikaziorik. Gainera, obrek baldintzatu egiten dituzte kostaldea babesteko eta kontserbatzeko politikek eta kostaldearen parte diren baliabide naturalen kudeaketa iraunkorrak jasotako helburuak. Horrek kontraesana suposatzen du Europako Batasunaren Kostaldeko Eremuen Kudeaketa Integratuan eta Biodibertsitatea Kontserbatzeko Espainiako Estrategian proposatutakoekin”.
Oro har, plataforma ekologistako kideek esan dute “oso argi” dutela Jaurlaritzaren helburua ez dela segurtasuna, “dike luzearen babesean beste kirol portu bat eraikitzea baino”. Mutriku Natur Taldeko kideak pozik agertu dira Europako batzordeak eskaera tramitera onartzeagatik, baina gogorarazi dute obrak martxan daudela. “Proiektua Europako Next funtsetan jartzen saiatu ziren, doan atera ziezaien, baina ez zuten lortu. Tramitazio guztia herritarren bizkarretik eraman dute, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu gabe. Hala eta guztiz ere, ez diote uko egiten eta obrak martxan dituzte. Gu ez gaude amore emateko prest, eta gutxienez legea betetzeko borrokatuko dugu”.
Mutriku Natur Taldeak jakinarazi du 2021ko irailean Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzari informazio eskaera bat egin ziotela. “Administrazioak hilabeteko epea dauka erantzuteko, eta epe hori amaitzeko ordu batzuk falta zirela, erantzuna emateko beste hilabeteko luzapena hartzen zutela jakinarazi ziguten”.
Bada, bigarren hilabetea amaitzeko ere ordu batzuen faltan, Portu Zuzendaritzakoek jakinarazi zieten ez zietela erantzungo gaia auzitegietan zegoelako. “Azken komunikazio hori sinatu gabe bidali ziguten, baina agerian uzten du Portu Zuzendaritzaren kode etikoa ze neurrikoa den eta non geratzen den informazio eskaerei erantzuteari buruzko Aarhuseko Hitzarmena betetzeko maila”.
Hala, ondokoa adierazi dute: “Mutriku Natur Taldeak hogei urte baino gehiago daramatza txikizio honi jarraipena egiten, eta badakigunez zer miatu, bide batetik ez bada epailearen eskutik jasoko dugu diru publikoaren erabilera desegokia probatzeko agiriak”.
Izan ere, agertu dute legeak ondo zehazten duela obra berdina ezin dela bi aldiz ordaindu. “Bi aukera daude bakarrik: hasiera batean esleitu gabeko obrak ordaindu ziren, edo orain lehen ordaindutako obra berdinak esleitu dituzte”.