Fatxadetako grafiti eta pintaketa garbiketa kanpaina jarri du martxan Lekeitioko Udalak
Eskaerak otsailaren 1etik 28ra bitartean egin daitezke, eta dokumentazioa aurkeztu beharra dago.
Lekeition, beste hainbat herrietan bezala, ohikoa da grafiti edota pintaketa agertzea eraikinetan. Udalak “zoritxarrezko” ekintza hauek garbitu nahi ditu. Horretarako, pintaketak garbitzeko kanpaina abiatu du. “Eraikinen garbiketa eta itxura zaintzea beren titularrei dagokie”, zehaztu dute udal ordezkariek. Hala ere, udaletik lagundu nahi dute eta eraikinetako fatxadetako pintaketak garbitzeko doako kanpaina abiatu du, herritar guztien esku egongo dena. Haien eraikinetan pintaketak dituztenek fatxaden jabeek hauek garbitzeko eskaera egin dezakete otsailaren 1etik 28ra bitartean udaletxeko bulego orokorretan edota lekeitio.eus orrialdearen ‘tramiteak’ atalean.
Bide publikoaren ondoan dauden fatxadetan gauzatuko dira garbiketa lanak, betiere eskaera badago. “Eskaera jaso ondoren, udalak pintaketa/grafitia aztertuko du eta fatxadaren ezaugarriak (materiala, babes-maila, etab.) kontutan izanda bertan zerbait egiterik duen ala ez erabakiko du. Pintaketa/grafitia ohiko baliabideekin ezabatuko da edo pinturaz estaltzeko lanak egingo dira”. Ondorioz, ezinbestekoa da eskera egitea, jabekideen erkidegoko presidenteak, jabeak (jabetza bertikala/ondasun-erkidegoa), lokal-komertzialaren jabeak edo errentariak edota aurrekoen legezko ordezkariak egin behar dute.
Era berean, zenbait dokumentazioa aurkeztu behar dute. Hasteko, pintaketaren argazkia, koloretan. Ondoren, fatxadaren kolore zehatzaren erreferentzia, NCS, RAL edo Pantone sistema erabilita. Legezko ordezkapenaren kasuan, legezko ordezkariaren NANa edo horren balio bereko beste dokumenturen bat eta ordezkapena dokumentu bidez egiaztatuta.