Garraio publikoan otsailaren 8an kendu ahalko da maskara
Espainiako Osasun ministroak esan du nahiz eta hasiera batean maskararen erabilera martxora arte luzatu nahi zuten, datu epidemiologikoak "oso egonkorrak" direla eta horregatik hartu dela erabakia.
Erabakia Espainiako Gobernuak hartu du. Ministroen Kontseiluak otsailaren 7an sinatuko du maskararen erabilera garraio publikoan bertan behera utziko duen agindua, eta hurrengo egunean sartuko da indarrean [otsailak 8]. Maskara janzteak derrigorrezkoa izaten jarraituko du osasun zentroetan, erietxeetan eta zentro soziosanitarioetan, hala nola, optiketan, farmazietan eta hortz-kliniketan.
Carolina Darias Osasun ministroak adierazi du egoera epidemiologikoa “oso egonkorra” delako hartu dela maskara garraio publikoan kentzeko erabakia. Azaldu du gobernuaren asmoa zela arnas aparatuko gaitzen sasoia amaitu arte –martxo amaiera arte– maskara garraio publikoan erabiltzen segitzea, baina arduradun teknikoekin eztabaidatu ostean ondorioztatu dutela egoera epidemiologikoak aukera ematen duela debekua lehenago altxatzeko.