Landaketa herritarra egingo dute Ziortza-Bolibarko Elosuko basoan
Barikuko [urtarrilak 27] 15:00ak arte izena eman daiteke, udaletxera deituta (94-616 52 72) edo Lurgaiaren posta elektronikora idatzita.
Ziortza-Bolibarko Udalak, Lurgaia Fundazioak eta herriko taldeek antolatuta (Aranbaltz kultur elkartea, Kanpape jubilatuen elkartea eta Markola guraso elkartea), Elosuko basoan landaketa herritarra egingo dute domekan [urtarrilak 29]. Parte hartzaileak 09:15ean Zeinka auzoan batuko dira, eta 09:30ean Elosuko bihurgunean.
Antolatzaileak ekintzan parte hartzera animatu dituzte herritarrak; barikuko [urtarrilak 27] 15:00ak arte izena eman daiteke, udaletxera deituta (94-616 52 72) edo Lurgaiaren posta elektronikora idatzita (info@lurgaia.org). Azpimarratu dute ekintza ume zein nagusiei zuzenduta dagoela.
Azaldu dute momentuz hogei herritar inguruk izena eman dutela, baina herritar gehiago animatzea nahiko luketela.
Hitzordura agertzen direnei Lurgaiakoek eskularruak eta aitzurrak banatuko dizkiete. «Neurriko eskularruak edukitzeko garrantzitsua da izena ematerakoan adina esatea».
Aurreratu dute Elosuko basoa lehengoratzeko espezie autoktonoak landatuko dituztela. Dena dela, baso osoa berreskuratzeko proiektuak jarraipena edukiko du.