Ongizate emozionala ardatz izango duen tailerra eskainiko dute Mutrikun
Otsailaren 1ean abiatuko da ikastaroa. Izen ematea zabalik dago.
Ongizate emozionala eta autozaintza tailerra eskainiko du Saioa Garmendia ongizate emozionalean eta coach pertsonalean adituak, Mutrikuko Luardo Etxean. Ikastaroa otsailaren 1ean abiatuko da eta ekainaren amaierara arte iraungo du, etenaldi baten ostean, irailean berriro abiatuko da eta urte amaierara arte izango da. Zehazki, bi astetik behin burutuko dira saioak, asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara.
Garmendiaren esanetan tailerraren helburua norbere burua zaintzeko tarte bat hartzea da: “Tailerretan ongizate emozionaleko gai desberdinak lantzen dira eta horiek lantzeko ariketa eta dinamika ezberdinak erabiltzen dira. Estres maila jeisteko erlajazio teknika ezberdinak erabiltzen ditugu”.
Saio guztiak ongizatera bideratuta daude, eta hainbat alor lantzen dira, hala nola: barruko korapiloak askatzea, norbere nola dagoen kontziente izatea, autoestimua hobetzea, norbere bere buruarekin eta aldamenekoarekin ondo, eroso lasai eta armonian sentitzea, norbere pentsamendu, sentimendu eta emozioen hobetzea, emozioak behar bezala ulertu eta adieraztea, hauek landu eta menperatzeko, estresa murriztea eta lasaiago egoera, arazoei aurre egiteko gaitasuna hobetzea eta norbere osasuna hobetzea. “Nik erremintak eskainiko dikizuet eta helburua da erreminta horiek egunerokotasunean erabiltzea”.
Izena ematea zabalik dago ongizate2@mutriku.eus helbidera idatzita edo 688 72 74 37 telefono zenbakira deituta, doan da. Gehienez ere 15 pertsonak izena eman ahalko dute.