Rusticaeren sariketan Publikoaren Saria jasotzea "harrigarria" izan dela esan dute Antsotegi Hotelekoek
Etxebarriko Antsotegi Hotela Euskal Herri mailan sari hori jaso duen lehendabiziko hotela da. Hoteleko arduradunen esanetan, irabazi dutena "sari zailena" da, eta "prestigioa" ematen diela gaineratu dute.
Etxebarriko Antsotegi Hotelak Rusticae sareak urtero Fiturren baitan egiten duen sariketan Publikoaren Saria eskuratu du. Saria Gontzal Hernandok Antsotegi Hoteleko arduradunetako batek jaso zuen, eta azaldu du eurentzako “harrigarria” izan dela sari hori jasotzea. “Saririk zailena da; honek prestigioa ematen digu”; Rusticae sareko bezeroen artean botoen %34,69 lortu ditu Etxebarriko hotelak.
Saria momentu berezian heldu dela aipatu dute Antsotegi Hoteleko arduradunek. Izan ere, aurten Antsotegi Hotelak 20. urte betetzen ditu (2003ko irailean zabaldu zuten). Azaldu dute Rusticaek urteko batzarra Fiturren baitan egiten duela, eta han eman zietela saria. “Gu hara joan ginen, eta momentu batean sari banaketa ekitaldia egin zuten, eta Publikoaren Saria guri eman ziguten”. Aurretiaz ez zekiten ezer.
Aurreratu dute hogeigarren urteurrena dela eta, ekintza bereziak egingo dituztela. “Alde batetik, maiatzean bigarren inaugurazio bat bezalako ekintza egingo dugu, eta sorpresa asko egongo dira”. Gainera, Antsotegi Hotelak hiruhilabetetik behin herrira begirako kultur ekintzak egiten dituela eta, orain arte egindako erakusketa esanguratsuenen beste erakusketa bat ere martxan jarriko dutela esan dute. “Uda sasoian kontzertuak ere egongo dira”.
Rusticae xarma berezia daukaten Espainiako estatuko, Europako eta Amerikako hotelen sarea da. 350 hotel biltzen ditu sareak, eta Etxebarriko Antsotegi Hotela sare horretako kide da urte askoan. Antsotegi Hoteleko arduradunek azaldu dute edozein hotel ezin dela Rusticaeren sarean sartu. “Rusticaen sartzeko baldintza batzuk bete behar dira: hotela eraikin berezi baten kokatuta egon behar da, eta negozio txikia izan behar da. Hau da, sare honetan ezin dira sartu hotel kate handiak”.
Rusticaek urtero bere sarean sartu nahi duten 300 edo 400 eskaera jasotzen dituela esan dute. “Eta horietatik guztietatik bost edo zortzi inguru sartzen dira”, zehaztu du Hernandok. Dena dela, nahiz eta sarean sartu, baldintzak betetzen ez dituztenak saretik kanpo geratzen direla azaldu dute. “Punta-puntako sarea da, eta momentu honetan hotelen jasangarritasunari lotutako formakuntzak egiten ari gara: energia jasangarriak, 0 kilometroko produktuak…”.