Maria Dolores Etxano ez da Ondarroako EAJren alkategaia izango datozen udal hauteskundeetan
Etxanok esan du lekukoa "ideia eta proposamen berriak aurkeztuko dituen hautagai bati" utziko diola. Jeltzale ondarrutarrek esan dute alkategaia aukeratzeko prozesua abian jarrita daukatela.
2015eko eta 2019ko udal hauteskundeetan Ondarroako EAJren zerrendaburua izan da Maria Dolores Etxano Varela. Orain, ostera, ondarrutarrak esan du aurtengo maiatzeko udal hauteskundeetan ez dela alkategaia izango. “Ideia eta proposamen berriak planteatuko dituen beste hautagai bati utziko diot lekukoa“, esan du Etxanok. Jeltzale ondarrutarrek esan dute alkategaia aukeratzeko prozesua abian jarrita daukatela eta horretan “buru belarri” ari direla.
Etxanok Ondarroako Uri Batzarrari jakinarazi zion bere erabakia. “Erabakia hartu dut azken legealdi bietan bidelagun izan ditudan zinegotziekin, bai eta lagunekin, familiagaz eta alderdikideekin ere”. Gaineratu du aukeratzen den zerrendaburua Ondarroako hurrengo alkategaia izatea espero duela. Dena dela, aurreratu du EAJk Ondarroari eskainiko dion proiektuaren parte izaten jarraituko duela. “Ekarpena egin dezakedan eta laguntza eman dezakedan guztian ariko naiz”.
Azken bi legealdien balantzea eginez, Etxanok esan du Ondarroak “hobetzeko aukera gehiegi galdu” dituela
Aukeratuko duten zerrendaburuak gobernatzeko molde ireki eta parte hartzailea oinarri duen egitasmoa aurkeztuko duela esan du Etxanok. “Egitasmo hori galdutako denbora berreskuratzeko gogoagaz, ondarrutarrei entzunez, Ondarroa hobetzeko ideia berriekin eta proiektu errealista eta egingarriekin, eta proposatzen dena betetzeko konpromisoagaz egingo da”.
Azken bi legealdien balantzea ere egin du Etxanok. “Azken bi legealdietan EAJk asmo eraikitzaileagaz egin du oposizioa; ideiak eta proposamenak planteatu ditugu, neurri handi batean, EH Bilduren gobernu taldeak aintzat hartu ez dituenak”. Azpimarratu du Ondarroak “hobetzeko aukera gehiegi galdu” dituela. “Hainbat alditan udal taldeak unean uneko garai latzak aitzakia gisa baliatu ditu bere gelditasuna eta proiekturik eza justifikatzeko”
Etxano 2015etik izan da Ondarroako EAJren bozeramaile Ondarroako Udalean. Aurretik, baina, zinegotzi ere izan zen (1999-2003), eta 2003tik 2007ra bitartean jeltzaleak gobernu taldean egon zirenean alkateorde izan zen. Horrez gain, Ondarroako Uri Buru Batzarraren lehendakari ere izan da.