Estu dago Lekeitioko trinkete txapelketako sailkapena
Atzo [urtarrilak 29] hirugarren jardunaldiko beste hiru partida jokatu ziren.
Lekeitioko XVII. Beteranoen Trinketeko esku pilotako txapelketaren 3. jardunaldiko hiru partidu jokatu ziren atzo [urtarrilak 29]. Lehenengo partiduan lidertzan dauden Latxiondo-Madariaga bikoteak 30-18ko emaitzarekin gainditu zituzten Gojenola eta Erkiren ordez aritu den Jose Conde. Latxiondok bikain baliatu zuen bere sakea eta ez zien inolako aukerarik eman aurkariei.
Bigarren partidua izan zen eguneko lehiatuena. Bertan, Goitia eta Foster lekeitiarrak 30-27ko emaitzarekin nagusitu ziren Rober beragarra eta Egaña mendaroarraren aurrean. Gauzak horrela, bikote biak garaipen batekin berdinduta geratu dira sailkapenean, lekeitiarrek partidu bat gutxiago jokatuta dutelarik.
Azkenengo partiduan, Beraza eta Telleria 30-15 nagusitu zitzaien Gandiaga III eta Gandiaga I.aren ordez aritu den “Etxe”ri. Beraza eta Telleriak nabarmen hobetu zuten aurreko asteetako jokoa eta txapelketan geratzen diren beste bi jardunaldiei begira, haien aukerak aprobetxatzen saiatuko dira.
Gauzak horrela, bi partiduren faltan, hurrengokoa da sailkapena:
1. Latxiondo-Madariaga: 6 puntu
2. Rober-Egaña: 5 puntu
3. Beraza-Telleria: 4 puntu
4. Gandiaga anaiak: 4 puntu
5. Goitia- Foster: 3 puntu (partidu bat gutxiago)
6. Gojenola-Erki: 2 puntu (partidu bat gutxiago)
Latxiondo-Marariagak finalerdietarako sailkapena matematikoki eskuratuta daukate partidu biren falta. Gainerako bost bikoteek, oraindik gogor lan egin beharko dute geratzen diren finalerdietako hiru txarteletako bat eskuratzeko. Lehengo aukera domekan [otsailak 5] 10:00etatik urrera. Bertan hurrengo neurketak egongo dira: Rober-Egaña / Latxiondo-Madariaga, Goitia-Foster / Beraza-Telleria eta Erki-Gojenola / Gandiaga Anaiak.