Ondarroako Arrantza Eskola berria inauguratu dute
Arrantza eskola berriak sektorea bultzatzea ahalbidetuko du, zehazki, Lea-Artibai eskualdean.
Gaur [urtarrilak 30] goizean inauguratu dute Ondarroako Antiguako Ama Arrantza Eskola berria Txomin Agirre ikastolako egoitzan, behar berrietara egokitu eta berrikuntza teknologikoak eskura izateko asmoz.
Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak, Joseba Segura Bilboko gotzaina eta Zunbeltz Bedialauneta Ibaibarriaga Ondarroako alkatea izan dira proiektuaren inaugurazio ekitaldian parte hartu dutenak. Gainera, eskualdeko bi alkate ere bertaratu dira, Luis Egurrola Markina-Xemeingo alkatea eta Koldo Goitia Lekeitioko alkatea.
Bizkaiko itsas arrantza sektorea bultzatzea ahalbidetuko duen proiektuak, 2,5 milioiko inbertsioa eduki du, hain zuzen ere, ikastetxearen jabea den parrokiak, Bilboko Gotzaindegiak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Ekonomia Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailak ordainduta.
Unai Rementeriak “mugatik haratago” doan proiektu bezala definitu du: “Konpromiso bat gehiago da arrantza sektorearentzat eta eskualde guztirako da baliagarria”. Proiektua aurrera eramateko hiru oinarri batera aritu behar direla azpimarratu du: talentua, berrikuntza eta ekintzailetza.
Bittor San Millan ikastegiko zuzendariak adierazi duenez inbertsioa etorkizunerako apustu bat da: “Lea-Artibai eskualdeko hezkuntza eskaintza zabaldu eta hobetzen duen proieku berritzailea bilakatuko da. Arrantza Eskola proiektu giltzarria da sektore oso baten etorkizuna ziurtatzen saiatzeko, lehiakorragoa eginez”. Ikasleek erronka eta proiektuen bidez lan egingo dute, ikaskuntza praktikoagoa eta dinamikoagoa eginez. Gainera, eraldaketari esker, ohiko hezkuntza eskaintzari gehituko zaio Nabigazio eta Arrantzako Erdi Mailako ziklo berria.
Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak duela 40 urte sortutako ikastetxeak etorkizunerako eman duen aurrera pausoa balioan jarri du: “Betidanik Ondarroa eta itsasoa eskutik joan dira, horren tartean arrantza eskola oso garrantzitsua izan da, jarraitu ikasleak hezten, hezkuntza aberastea dalako herriaren etorkizuna”.