Zabalik dago Artedrama Euskal Laborategian izena emateko epea
Aurten apirilaren 10etik 15era bitartean egingo da arte eszenikoetan euskaraz aritzen direnen topagunea, Aulestin.
«Azkar ibili, bakarrik hamalau leku ditugu eta», esan dute antolatzaileek. Interesatuek telefonoz deitu (615 77 95 11) edo posta elektronikoa bidali dezakete (info@artedrama.com). Izen emateak 450 euro balio ditu, lotarako lekua eta otorduak barne.
Ekimena aktore, zuzendari, antzerkigile zein antzerkizaleei zuzenduta dago. Topaketa Euskal Herriko arte eszenikoetan murgilduta daudenen artean eztabaidak edukitzeko eta jakintza eta elkartrukeak sustatzeko asmoz egiten da. «Astelehenetik zapatura, 48 orduz, sei irakasleren tailerrak egongo dira».
Irakasleak eta ikasgaiak
- Ander Lipus: Aktore markina-xemeindarra antzerki antropologian aditua da.
- Mekanika eta poetika. Aktorearentzako tresnak partekatuko dira, gorputzaren kontzientzia eta aktorearen jokoan zentratuz.
- Miryam Perez Cazabon: Dantza garaikideko goi mailako ikasketak egin eta 2004tik dantza arloan, sortzaile, dantzari eta irakasle moduan dihardu.
- Ez bat eta ez bi, baizik eta hiru (3). Espazioa, denbora eta gorputzak lanerako zutabe nagusitzat hartuta, eta horien artean eta isilean gertatzen den komunikazio hori eraikitzeko ahaleginean, jolaserako inprobisaketa pautak proposatuko dira.
- Iñaki Rikarte: Arte dramatikoko goi mailako ikasketak egin zituen Madrilen eta hainbat zuzendarigaz aritu da lanean. Horrez gain, hamabost ikuskizun ere zuzendu ditu.
- Maskarak. Kulunka konpainiak maskara espresiboaren erabileran egiten duen lanen hurbilpen orokor bat egingo da.
- Ane Sagües: Aktorea eta sortzailea da. Arteekin izan duen lehen harreman sentimentala arte martzialen bitartez izan da, eta horrek lan egiteko diziplina handia eman dio.
- Narzizista narkotikoak. Narzizismo absolututik abiatuta, kutsu fribolo, poetiko, errebelde, makabro eta bortitzetan oinarritutako sortze-espazio baten bilaketan ariko dira.
- Oier Zuñiga: Aktore eta artista bisuala. Ilustrazioan, arte plastikoetan eta arte eszenikoetan egin du ibilbidea.
- Desastrearen kutxa. Norbere baitan dauden irudiak, emozioak eta ideiak eszenarako errealitate bihurtzeko ikastaroa.
- Itziar Manero: Zuzenbidean graduatua eta Giza Eskubideen, Demokrazian eta Globalizazioan masterra dauka. Horrez gain, arte eszenikoak eta zinema ikasi zituen.
- Nondik hasi sortzen. Sorkuntza prozesua hasteko irizpideak jorratuko dira, teoria eta praktikaren bidez.