Nahia Quincoces, Euskadiko Txapeldun
Nahia Quincocesek Euskadiko Eski Txapelketa irabazi du, Candanchun. Gainera, Hego Euskal Herriko Mendiko Eski Kopako lehendabiziko liderra da mendexarra. Datorren asteburuan Espainiako Txapelketa lehiatuko du, Panticosan, Euskal Selekzioak deituta.
Nahia Quincoces mendexarra nagusi izan zen zapatuan [urtarrilak 28] Candanchun lehiatutako Causiat Extreme eski proban, eta Euskadiko Eski Txapelketa poltsikoratu zuen. Horrez gain, Pirinioetan egindakoa Hego Euskal Herriko Mendiko Eski Koparako lehen proba puntuagarria izan zen; ondorioz, Quincoces lehiaketa horretako lidergoan ipini zen.
Lasterketako lehendabiziko zatian, aurkari bakarra eduki zuen Mendexako eskiatzaileak: Igone Campos. Izan ere, biek aurrea hartu zuten, eta gainontzeko parte-hartzaileak baino gehiago izan ziren uneoro. Egin behar izan zituzten 12,4 kilometroetan, ibilbide alpetarra eta gogorra topatu zuten eskiatzaileek. Horrez gain, lasterketa zaildu zien beste faktore bat ere egon zen: behe-lainoa. Tenperatura oso baxuekin (-6 gradu inguru) nahasita, behe-lainoak gaitz bihurtu zuen ibilbidean barrena orientazioari eustea eta erritmo handia mantentzea.
Zailtasunak zailtasun, Quincocesek Campos atzean uztea lortu zuen. Hori gutxi ez, eta mendexarra izan zen ibilbidea egiteko bi orduko langa bota ahal izan zuen emakumezko parte-hartzaile bakarra: 1.55,17ko denbora egin zuen. Campos bigarrena izan zen helmugan; podiumeko hirugarren postua, ostera, Lur Basterretxearentzat izan zen. Gizonezkoetan, IƱigo Martinez de Albornoz izan zen eskiatzailerik azkarrena, 1.49,42ko denboragaz; bigarren postuan Asier Alonso sailkatu zen, eta podiuma Jon Ander Aranburuk osatu zuen.
Mendexarra garaipenagatik “pozarren” agertu da. Aitortu du Campos lehen igoeran bere aurretik ibili zela, baina jaitsieran topaturiko zapaldu gabeko elurra “bere alde” baliatu zuela, eta aurrea hartu ziola Camposi. Ibilbideari dagokionez, urtero aldatzen dutela azaldu du, eta aurtengoa “beste behin oso ederra” izan dela adierazi.
Euskal Selekzioagaz. Hego Euskal Herriko Mendiko Eski Koparen hurrengo geldialdia otsailaren 11n eta 12an izango da, Isaban. Astebete beranduago, aldiz, Potesen jokatuko da txapelketako hirugarren eta azken saioa. Hori guztia baino lehen, Quincoces Euskal Selekzioagaz lehiatzen ariko da Panticosan, Espainiako Mendi Eskiko Txapelketan; datorren asteburuan izango da konpetizioa, hain zuzen, otsailaren 3an, 4an eta 5ean.
Domekan, 5ean, bakarkako proba lehiatuko du Quincocesek, eta goi-mailako partaidetza egongo dela azaldu du: “Espainiako mendi eskiatzailerik onenak egongo dira, eta podiumean sartzea, beraz, oso gaitza izango da”. Martxoan, aldiz, Europako taldekako Txapelketa lehiatzea dauka aurreikusita mendexarrak: “Asmoa Campos eta biok bertara joateko sailkatzea eta lasterketa txukuna egitea da; taldekako eta distantzia luzeko probak gehien gustatzen zaizkidanak dira, eta, beraz, seguru esperientzia bikaina izango dela.