Ziortza-Bolibarko 11 ume, lau astez eskola garraio barik
Hiru baserritako 11 ume eta horien familiak dira arazoa jasaten ari direnak. Euren eskubidea bermatzeko exijitzen dute. Ziortza-Bolibarko Udalak kaltetutako familiek aurkeztutako mozioa aho batez onartu eta Hezkuntza Sailagaz harremanetan jartzeko konpromisoa hartu du.
Abenduaren 19az geroztik, Ziortza-Bolibarko Zeinke, Muniozguren eta Astarlo baserrietan bizi diren 11 ume eskolara joateko garraio publikorik gabe daude. Markina-Xemeinen dute ikastetxea, eta lau astez familiak ari dira garraioaz arduratzen. Bizi duten egoera salatu eta Ziortza-Bolibarko Udalari Hezkuntza Sailagaz harremanetan jarri eta arazoa konpontzen laguntzeko eskatu diote.
Ziortza-Bolibarko Udalak atzo [urtarrilak 30] egin zuen Osoko Bilkura eta, horretan, kaltetutako umeen gurasoek aurkeztutako mozioa eztabaidatu zuten; Udalbatzak aho batez onartu zuen mozioa, eta Hezkuntza Sailagaz harremanetan jarriko direla esan dute.
Kaltetuek azaldu dutenez, hasiera batean kaltetutako umeak 12 ziren. “Umeetako bat Iruzubieta auzoko baserri batean bizi da, baina lurrez Markina-Xemein da. Guk ume haren gurasoei esan genien arazoaren berri emateko gure herriko udalera joko genuela, eta haiek euren udalagaz (Markina-Xemein) jarri ziren harremanetan”. Markina-Xemeingo Udalak hurrengo egunerako taxi zerbitzua ipini zien. “Nahiz eta taxia lortu, haiek ere lau astez garraio barik egon dira”. Beraz, gaur gaurkoz 11 dira garraio barik dauden umeak, denak ziortza-bolibartarrak.
Azaldu dute zerbitzua emateko ardura hartu zuen gidariak esan diela ibilgailuak matxura bat duela eta ezin duela zerbitzua eman ezta ordezkorik ipini ere. “Hezkuntza Saila (Delegaritza) arduratzen da taxi zerbitzua kontratatzeaz. Eta taxiak edozein arazo edukiko balu, taxi gidariak ordezko bat bilatu behar luke. Azken horrek ezingo balu, Hezkuntza Sailak esku hartu beharko luke, baina ez gurasoek. Eta aste hauetan guztietan familiak ari gara umeak eskolara eraman eta handik etxera ekartzen”.
Edonola ere, ziortza-bolibartarrentzako arazo hau ez da lehen aldiz gertatu. Apartera joan gabe, 2021ean ere garraio publiko barik geratu zirela salatu zuten Zeinka-Ziarregiko guraso batzuek eta Bekobenta eskolako arduradunek.
Kalte ordainak. Gaineratu dute horrelako arazoen aurrean Hezkuntza Sailak kalte ordainak ordaintzen dizkietela, baina hori ez dela nahi dutena esan dute. “Ez dugu dirurik nahi, gure eskubidea errespetatzea baino. Gainera, ematen duten dirua miseria bat izaten da. Guk gure seme-alabentzeko garraio publikoa exijitzen dugu”.
Azken asteetan jasaten ari direna “gehiegizkoa” dela deritzote, eta arazoa konpontzeko nora jo ere ez dakitela gaineratu dute. “Guraso batzuek laneko ordutegia aldatu behar izan dute umeak eskolara eraman ahal izateko. Salatu nahi dugu ez dela gure garraio eskubidea betetzen”. Hala, Hezkuntza Saileko arduradunei “gaian behar den arreta jartzeko eta berehalako irtenbide bat bilatzeko” exijitu diete. “Ez dago eskubiderik lau astez 11 ume eskolara joateko garraio gabe edukitzeko”.